Podcast berria plataforman
"Gente Bonita" podcasta abiatu du Africa Baetak EITBPodkast plataforman
EITB Media
Bizitzari baikortasunetik begiratzeko asmoz, bide hori egiteko tresnak eta moduak aztertuko ditu bere gonbidatuekin solasean. Ostegunero kaleratuko du atal bat.
Ostegun honetan, otsailak 10, "Gente Bonita" podcasta abiatu du África Baeta EITBko kazetariak EITBPodkast plataforman. Bizitzari baikortasunetik begiratzeko asmoz, bide hori egiteko tresnak eta moduak aztertuko ditu bere gonbidatuekin solasean.
Ostegunero emango du atal berri bat ongizatea helburu duen podcastean, eta Enrique Martinez Lozano psikoterapeuta, soziologo eta teologoa du aurreneko gonbidatua. Jada entzungai dago lehen atala.
EITBPodkast
Gero eta eskaintza zabalgoa du audio edukiak biltzen dituen EITBren plataformak. Gaika banatuta daude bertan edukiak, bost arlotan antolatuta: jakintza, bizitza, musika, kirola eta aisia-fikzioa. Hain zuzen ere, bizitza arloan egongo da entzungai "Gente Bonita" podcasta, ongizatea izenekoa atalean. Bertan, besteak beste, osasunarekin eta mindfulnessarekin lotutako edukiak ditugu eskura, horien artean "Urratsa" podcasta.
Gainera, EITBPodkast plataformak euskarazko audio-liburuak eskaintzen ditu, tartean "Go!azen" fenomenoarenak; eta soinu-fikzio arrakastatsuak ere baditu: urtarrilean estreinatutako "Zaldi Urdina" eta Argia Saria irabazi berri duen "Artxipelagoa", bigarren denboraldia izango duena.
EITBPodkasten eskaintza osoa plataformaren webgunean aurkitu daiteke. Horrez gain, telefono mugikorrean zuzenean entzun daiteke edo/eta audioak bertara jaitsi, eta edukietara harpidetzeko aukera ere badago. EITB Nahieran app-aren bidez ere aurkitu ahal da lotura atarira sartzeko.