BOS
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurreneko kontzertua, gaur, zuzenean, EITBn
EITB Media
100 urte bete berri ditu BOSek, eta emanaldi berezi batekin ospatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian. Maurice Ravel eta Gustav Mahler konpositoreen doinuak izango dira bertan entzungai, eta emanaldia zuzenean eskainiko du EITBk, 19:15etik aurrera, ETB4n eta eitb.eus-en.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ostegun honetan, hilak 10, BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurreneko kontzertua eskainiko du EITBk, zuzenean. 100 urte bete berri ditu BOSek, eta emanaldi berezi batekin ospatuko dute urteurrena martxoaren 10ean eta 11n, Bilboko Euskalduna Jauregian. Maurice Ravel eta Gustav Mahler konpositoreen doinuak izango dira bertan entzungai, orkestraren izaerarekin zerikusi zuzena duten bi izen handiren lanak. Leonard Slatkin zuzendari estatubatuarra izango da orkestraren burua, eta Bilboko Koral Elkartearen ahotsak izango dituzte taula gainean lagun, Miren Urbieta-Vega soprano euskaldunarekin eta Isabelle Druet mezzosoprano frantziarrarekin batera.
Euskalduna Jauregiko emanaldia 19:30ean hasiko da, baina 19:15etik aurrera saio berezia eskainiko du EITBk, zuzenean, ETB4n eta eitb.eus-en, Ainhoa Urretabizkaia eta Irantzu Karrerarekin. Kontzertua zuzenean eskaintzeaz gain, emanaldia hasi aurretiko giroa eta elkarrizketak ekarriko dizkigute. Nola ez, ez dira faltako BOSi zuzendutako zorion agurrak, politika, kultura eta gizarte arloko aurpegi ezagun eskutik, eta Erik Nielsen BOSeko zuzendari titularraren eta Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusiaren eskutik.
Saio berezi honek, gainera, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ibilbidea jorratzen dituzten hainbat bideo eskainiko ditu: BOSaren historia iruditan, orkestraren 90. urteurrenaren ospakizuna, kontzertuak euskal artistekin, emanaldiak Pozalaguako kobetan, haurrekin eginiko musika ekimenak eta pelikulatako musika bandak…
Mendeurrena
1922ko martxoaren 8an igo ziren Bilboko Arriaga Antzokiko agertokira estreinakoz orkestrako musikariak, Armand Marsick lehen zuzendari titularraren zuzendaritzapean. Hori izan zen orkestraren historiako lehen kontzertua. 100 urte geroago, mendeurrena ospatuko dute martxoaren 10ean eta 11n eskainiko duten emanaldi berezi batekin. Bertan, orkestraren izaerarekin zerikusi zuzena duten bi konpositoreren lanak taularatuko dituzte: Maurice Ravel eta Gustav Mahler.
Maurice Ravelen lanak ia hasieratik izan dira entzungai orkestraren historian. 1924an interpretatu zuten lehen aldiz haren obra bat (Ma mère l'oye) eta, orduz geroztik, Ravelek etengabeko presentzia izan du. Are gehiago, orkestrako zuzendari jardun zuen 1928ko azaroaren 10ean Ravelek berak.
Gustav Mahler konpositorearen piezak entzuteko aukera ere egongo da Euskaldunan. BOSek 1929an interpretatu zuen lehen aldiz Mahler, hain zuzen ere 1904ko urrian Kolonian estreinatu zen 5. Sinfoniako Adagietto lana. Estreinatu eta 24 urtera soilik; beraz, konpositore haren musika ohiko errepertorio sinfonikoetan oraindik ohikoa ez zen garai batean. Oraingoan, 2. Sinfonia interpretatuko du BOSek, Berpiztea izenez ezagun den lana.
Egitaraua
M. Ravel: Kaddisch, de Deux mélodies hébraïques
G. Mahler: 2. Sinfonia, Berpiztea
Miren Urbieta-Vega, sopranoa
Isabelle Druet, mezzosopranoa
Bilboko Koral Elkartea (Enrique Azurza, zuzendaria)
Leonard Slatkin, zuzendaria
Hala, EITBk bat egiten du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurreneko ospakizunekin, zerbitzu publikorako duen bokazioan eta kultura, eta kasu honetan musika, zabaldu, zaindu eta balioan jartzeko erantzukizunean.