Itxi

Batzen gaituzten emozioak

EITBk eta UNICEFek lankidetza hitzarmena sinatu dute haur eta nerabeen eskubideak bultzatzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak izenpetu dute ituna. Hartara, 2030 Agenda, bertan diren Garapen Jasangarrirako Helburuak, eta haur eta nerabeen parte hartzea izango dira ardatz nagusiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EITB hedabideak dituen ikus-entzuneko talde publikoak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, Euskadin eta munduan haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko. Sinadura ekitaldia EITBren Bilboko egoitzan izan da, eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak izenpetu dute konbenioa.

2030 Agenda eta bertan diren Garapen Jasangarrirako Helburuak izango dira aliantza honen mami nagusi eta zehar lerroa. Helburua da, haurrak eta nerabeak ardatz hartuta, gai hauek lantzea eta euskal gizartea ohartaraztea. Bi aldeek EITBko euskarri offline eta onlinetan komunikazio ekimenak bultzatzen jardungo dute. Ekimen hauen xedea 2030 Agenda gizartean hedatzea izango da. Hain zuzen ere, EITBk 2018ko uztailean UNICEFek bultzatu zuen AliaODS Euskadiko komunikabide autonomiko eta lokalen aliantzan parte hartzen du.

Bestalde, EITB eta UNICEF lanean arituko dira Euskadiko haurrak eta gazteak eskubide osoko subjektu aktibo gisa ahalduntzeko, ahotsa eman eta modu aktiboan parte hartu dezaten espazioak sortuta eta aktualitateko gai ezberdinen inguruan dituzte hausnarketak gizarteari helaraziz. Era berean, azaroaren 20an ospatu ohi den Haurren Mundu Egunaren inguruan sentsibilizatzeko berariazko edukiak era jasotzen ditu akordioak.

Isidro Elezgarai eta Andoni Aldekoa, sinadura ekitaldian. EITB Media

Ikus-entzunezko talde erreferente gisa, EITBrentzat garrantzitsua da UNICEFekin aliantza indartzea eta bere ekimenei ikusgarritasuna ematea, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez. "EITBk konpromiso sendoa du berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako gizartea sustatzeko kausa sozialekin, oraingoan haurren eta nerabeen eskubideei arreta berezia jarrita", esan du Aldekoak. Ildo honetan, Aldekoak azaldu du helburua dela 2030 Agenda egitasmoaren jomugak eta Garapen Iraunkorretako helburuak euskal gizarteari helarazteko ahaleginak uztartzea.

"Haurren eta nerabeen eskubideen komunikazioa sustatzeko aukera paregabea dela uste dugu, euskal gizartearentzat erreferente den EITBren bitartez", esan du Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak. "Umeen eta nerabeen egiazko partehartzearen aldeko apustu sendoa dugu UNICEFen, eta funtsezkoa iruditzen zaigu EITBren eskutik lan egin ahal izatea 2030 Agenda sozializatzeko", gaineratu du. 

Bideoak (1)