Itxi

#FITOEITB

Fito & Fitipaldis taldearen San Mameseko kontzertua, gaur gauean, zuzenean, EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

EITBk giza baliabide eta bitarteko tekniko ugari jarriko ditu ikuskizun musikal handiaren zuzeneko emanaldia eskaintzeko ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.eus-en; besteak beste, 22 kamera, unitate mugikor bat eta 40 profesionalek osatutako lantaldea.

Fito Sanmamesen.

Egun handia izango da gaurkoa Fito & Fitipaldis taldearentzat, kontzertua eskainiko baitu Bilboko San Mames estadioan. Cada vez cadáver disko berria promozionatzeko biraren barruan kokatzen den ikuskizun musikalak 45.000 jarraitzaile inguru bilduko ditu. Taldeak Bizkaian eskainiko duen emanaldi bakarra izango da, eta sarrerak bi egunetan agortu ziren.

Hitzorduak piztu duen ikusmina dela eta, EITBk giza baliabide eta bitarteko tekniko ugari jarri du kontzertua zuzenean eskaintzeko. Emanaldia ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da 22:00etatik aurrera, munduko edozein tokitatik eta doan ikuskizunaz gozatzeko aukera eskainiz. Halaber, EITBko hedabide eta saio ezberdinetan kontzertuaren eta taldearen inguruko eduki bereziak eskainiko dira aste osoan.

Kontzertua zuzenean

EITBk kontzertuaren neurrira egokitutako operatibo berezia prestatu du. Guztira, 22 kamera, tartean, Burubero izenekoa eta futbol partiden emanaldietan erabiltzen den Skycam kamera, baliatuko dituzte zuzeneko emanaldirako eta ETBko Unitate Mugikorretik kontrolatuko da seinalea. ETB2 eta eitb.eus-eko emanaldiak, halaber, Aitor Albizuaren kontakizunarekin eskainiko dira.

Bestalde, errealizazio, produkzio, teknikari eta argiztatze arloko 40 profesional arituko dira lanean. EITBk eta kontzertuaren ekoizpen taldeak hilabeteak eman dituzte elkarlanean zuzeneko emanaldiaren nondik norakoak zehazten. Kontzertua baino bi egun lehenago hasiko dira muntaia teknikoarekin, urteko musika ikuskizun garrantzitsuenerako dena prest izateko.

Fito & Fitipaldis taldeak gainera, gonbidatu bereziak izango ditu oholtza gainean, horien artean, Leiva, Iñaki Uoho Antón (Platero y Tú taldeko gitarrista), Carlos Tarque eta Dani Martin.

Eduki bereziak saio eta albistegietan

Telebistako zein irratietako saio eta albistegietan Fito & Fitipaldis taldearen kontzertu handiaren berri emango dute eta eduki bereziak eskainiko dituzte ekainaren 11n eta aurreko egunetan.

Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariak Fito elkarrizketatu zuen ostegunean (ekainak 9) "12 Minutos" saioan, gaueko "Teleberri" albistegiaren aurretik. Bestalde, "Biba Zuek!" eta "Nos Echamos a la Calle" saioek aste osoan hitz egin dute kontzertu handiaren eta taldearen inguruan. "Atrápame Si Puedes", "Esto No Es Normal" eta "Zurekin Bat!" lehiaketetan Fito & Fitipaldis taldearen inguruko galderak eta atalak eskaini dituzte. Ostiralean (ekainak 10), "En Jake", "Biba Zuek!" eta "Nos Echamos a la Calle" saioek zuzeneko konexioak egingo dituzte San Mameseko muntaiarekin, bertan lanean dauden antolakuntzako kideekin hitz eginez. Larunbatean, gainera, Fito izango dute ETBko albistegietan Xabier Ormazabalen eskutik.

Beste hainbat saiotan ere egingo diote keinutxo bat talde bizkaitarraren musikari eta ekitaldi garrantzitsu honi: "En Kuadrilla", "Jateko Modukoa", "Joseba Arguiñano Sukalerrian", "Piztu Telebista" eta "A Bocados".

Bestalde, eitb.eus-en, kontzertuaren zuzeneko emanaldia eskaintzeaz gain, webgune berezia sortuko dute eduki guztiak biltzeko. Halaber, sare sozialetan, kontzertuaren jarraipen berezia egingo dute #FITOEITB traola erabiliz.