Itxi

Aliantzak

EITB anfitrioi duen FesTVal jaialdiaren aurkezpena izan da Madrilen

EITB Media

Leer en Castellano

Erakundeetako eta ikus-entzunezko esparruko ordezkaritza zabalarekin ospatu da ekitaldia eta EITBren izenean Unai Iparragirre ETBko zuzendaria egon da bertan.

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria Madrilen

Irailaren 5etik 11ra ospatuko den Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren aurkezpena egin da Madrilen eta bertan parte hartuko du EITBk jaialdiaren anfitrioi den aldetik. Unai Iparragirre ETBko zuzendaria izan du buru Madrilera joango den ordezkaritzak. Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria eta Zaloa Mendez programetako arlo-burua izan ditu lagun. 

Aurkezpena Alberto Chicotek Madrilen duen Puertalsol Terrazan (Puerta del Sol plaza, 10) egin da beste behin. Bertan, Joseba Fiestras jaialdiko zuzendariak 14. edizioko kartela erakutsi du estreinakoz, Andreu Buenafuentek egindako diseinua. Halaber, pandemiaren aurreko egitura berreskuratuko duen hitzorduaren nondik norakoak eman ditu ezagutzera. Kaleko jarduerak itzuliko dira, baita Printzipal antzoki aurreko alfonbra laranja ere. Estatu osoko telebista kanaletako saioen estreinaldiak, profesionalei zuzendutako jarduerak (ProFesTVal) eta itxiera gala ere izango dira. 

EITB ikus-entzunezko taldeak ere presentzia nabarmena izango du FesTVal jaialdian. Ohi denez, udazkeneko programazioaren aurkezpena egingo du bertan. Horrez gainera, itxiera gala produzitu eta zuzenean emango duela iragarri du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. 

FesTVal jaialdiaren kartela

Joseba Fiestras eta Unai Iparragirrerekin batera, euskal erakundeetako ordezkariak egongo dira aurkezpenean: Goyo Zurro Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaria; Ana del Val Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren diputatua; eta Igor Salazar Gasteizko Udaleko Merkataritza, Prestakuntza eta Enplegu zinegotzia.