#EKIN_aniztasuna
LGTBIQ+ mugimenduarekin bat egingo du EITBk #EKIN_aniztasuna kanpainarekin
EITB Media
EITBko hedabideek LGTBIQ+ kolektiboaren errealitate eta aldarrikapenei ikusgarritasuna emango diete ekainaren 20an hasi eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean (ekainak 28) amaituko den #EKIN_aniztasuna kanpainarekin.
Gaur, ekainaren 20tik aurrera, EITBk #EKIN_aniztasuna kanpaina berria jarriko du martxan. Aste osoan, EITBren hedabideek LGTBIQ+ mugimenduarekin bat egingo dute telebistan irratian eta Interneten eduki bereziak eskainiz. Kanpaina Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 28an, amaituko da Euskal Herriko hiri eta herrietan aldarrikapen egun horri lotuta antolatuko diren ekitaldi, jai eta jardunaldien berri emanez.
EITBko hedabideek LGTBIQ+ mugimenduaren errealitateari eta aldarrikapenei ikusgarritasuna emango diete, eta kolektiboaren hainbat ordezkari hartuko dituzte hainbat saiotan. Halaber, Xabier Madariaga kazetariak aurkeztutako bi erreportaje berezi eskainiko dira ordutegi nagusian: "Aske Bizi" ETB1en (ekainak 21) eta "Historias del Orgullo" ETB2n (ekainak 23).
Gainera, aniztasunaren inguruko hiztegiari zabalkundea emateko asmoarekin, LGTBIQ+ glosarioa prestatu du EITBk euskaraz. Gizartean ezagutarazteko eta EITBko profesionalen lanean laguntzeko helburuarekin, genero-identitate eta sexu-orientazio kategoriak ezberdindu eta sistema bitar tradizionala gainditzen duten izen eta terminoak zehazten ditu. EITBren Euskara Zerbitzuak ondu duen glosario honek Emakunderen Feminismoa eta berdintasuna hiztegia (2020) hartzen du oinarri.
Denetariko pertsonek lekua duten gizarte ireki eta anitz bat eraikitzeko bidean, aniztasuna abantaila gisa ulertzen du EITBk. Egungo gizartean, muturreko jarrerak pisu handia hartzen ari dira eta aniztasunaren aberastasuna lantzea gizarte-kohesioaren eta elkartasunaren alde egiteko estrategia da. Hartara, euskal gizartearen transformazio prozesuan, EITBren parte-hartze aktiboa bultzatzea du helburu #EKIN_aniztasuna ekimenak, ezberdintasunak alde batera utzita, batzen gaituenaren alde lan egiten duen gizartea eraikitzeko.
Eduki bereziak
Euskal Telebistako saioek LGTBIQ+ mugimenduarekin bat egingo dute aste osoan, eduki bereziak eskainiz eta mugimenduaren sorrera, ibilbidea, garapena eta aldarrikapenak aztertuz.
ETB1eko "Aske Bizi" erreportaje berezian, LGTBIQ+ kolektiboko hainbat protagonista elkarrizketatuko ditu Xabier Madariaga kazetariak ekainaren 21ean. Norberaren sexu izaeraz, erreferenteen garrantziaz, egungo gizartearen ikuspegiaz, maskulinitate ezberdinez, norbanako eta kolektiboaren ibilbideaz zein beraien harrotasunaz hitz egingo dute.
Xabier Madariagak berak gidatuko du "Historias del Orgullo" erreportajea ETB2n, ekainaren 23an, eta hamar pertsonen istorio pertsonalak bilduko ditu. Lehen manifestazioak eta mugimenduaren hasiera Euskadin, kolektiboak bizi duen egoera, orain arte lortutako eta oraindik lortzeko dauden helburuak, erasoak eta errealitate ezberdinak aztertuko dituzte, besteak beste.
Horrez gain, eguneroko "Biba Zuek!","Nos Echamos a la Calle" eta "En Jake" saioek testigantzak, istorio pertsonalak eta Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo diren ekimenekin zuzeneko konexioak eskainiko dituzte. "Atrápame si Puedes" eta "Esto No Es Normal" lehiaketetan gaiarekin lotutako galderak egingo dituzte, eta "Jateko Modukoa", "En Kuadrilla", "Navarra Hoy", "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "A Bocados" saioek ere #EKIN_aniztasuna kanpainarekin bat egingo dute.
Bestalde, irratietan ere arretaz jarraituko dituzte Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ekintza eta jarduerak aste osoan zehar, elkarrizketak, konexioak eta eduki bereziak eskainiz. Bereziki, Radio Euskadiko "Boulevard" eta Euskadi Irratiko "Faktoria" saioek gertutik emango dute LGTBIQ+ kolektiboaren errealitate eta aldarrikapenen berri. Bestalde, eitb.eus-en #EKIN_aniztasuna kanpainaren barruan sortuko diren eduki guztiak bilduko dituen webgune berezia izango da ikusgai.
Bilbao Bizkaia Harro 2022 ekimenari arreta berezia
EITBk arreta berezia eskainiko die Bilbao Bizkaia Harro 2022 ekimenak prestatutako jarduerei. Streaming bidez eskainiko dira, besteak beste, Euskaltzaindiarekin batera antolatutako bertso saioa, ekainaren 17an 19:00etan Bilboko Plaza Berritik; eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultur Zientzia katedrarekin elkarlanean antolatutako zientzia eta LGTBI mugimenduari buruzko hitzaldia, ekainaren 29an 18:30ean Bidebarrieta Kulturunetik.
Halaber, ETBko "Nos Echamos a la Calle" eta "Biba Zuek!" saioek ekainaren 17an Bilboko Areatzan eta Alde Zaharrean antolatuko diren ekitaldi eta bilduko den jai giroarekin bat egingo dute. Gainera, Oihan Vega eta Txurru DJek Harro Music programazioan parte hartu eta musikarekin girotuko dute Bilboko Areatza ostegunean (ekainak 16) eta larunbatean (ekainak 18) Gaztearen eskutik.