EITB kulturarekin
Tanxugueiras taldea Gasteizko jaietan, gaur gauean, Gaztearen eskutik
EITB Media
Andre Maria Zuriaren jaiak hasiko diren egunean, hirukote galiziarraren doinu alaiekin gozatzeko aukera eskainiko digu Gaztea irratiak gauerditik aurrera Foru plazan.
Gaztearen eskutik, bi kontzertu handirekin gozatu ahal izango dugu uda honetan. Lehenengo hitzordua ostegun honetan, abuztuaren 4an, izango da Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Tanxugueiras hirukote galiziarraren emanaldia izango da Foru plazan gauerditik aurrera.
Tanxugueiras taldea Aida Tarriok eta Olaia eta Sabela Maneiro ahizpek osatzen dute. Euren musika ibilbidea 2016an hasi zuten, eta, iaz, ospe handia lortu zuten, Eurovision lehiaketan Espainia ordezkatzeko hautagai izan baitziren. "Terra" izeneko abestiarekin Benidorm Fest jaialdian izandako parte hartzearekin, izugarrizko oihartzuna lortu zuten. Euren arrakastaren gakoa, Galiziako musika tradizionala beste estilo batzuekin nahastean datza, euren ahots indartsuekin batera.
Gaztearen bigarren proposamena Bilboko Aste Nagusirako da. Abuztuaren 26an En Tol Sarmiento talde arabarrak kontzertua eskainiko du Europa parkean, gauerdian hasita. Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen taldeetako bat dugu ETS eta Aukera berriak azken lanaren aurkezpen biran murgilduta dabiltza.