Bilboko Aste Nagusia
Bilboko Aste Nagusia, gertutik eta zuzenean EITBn
EITB Media
Telebistak, irratiek eta eitb.eus-ek aste osoan zehar denetariko edukiak eskainiko dituzte, tartean, Marijaiari harrera, "Lau Teilatu: Zea Mays" kontzertu berezia, "Edozein herriko..." saioaren eskutik kaleko giroa, eta gaueroko suak eta jaien agurra.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilboko Aste Nagusiko ekitaldi nabarmenenak zuzenean eskainiko ditu EITBk. Hasteko ETB2k, eitb.eus-ek, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean eskaini dute jaien hasiera iragarri duen pregoia eta txupinazoa. Gainera, "Edozein Herriko…" saioak jai giroaren berri emango du egunero, eta suak eskainiko ditu zuzen-zuzenean gauero. ETB1ek, bestalde, "Lau teilatu: Zea Mays" kontzertu berezia eskainiko du.
Harrera Marijaiari, pregoia eta txupina
Hasteko, larunbatean, abuztuak 20, Marijaiari harrera zuzenean izan zen ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en. Itziar Lazkano aktorea da 2022ko pregoilaria, eta Iratxe Palacios Tintigorriko konpartsakidea, aurtengo txupinera; elkarrekin, Arriagako balkoira atera ziren, eta, Marijaiarekin batera, jaiari hasiera eman zioten. Kontakizuna Kaitin Allende eta Ander Iribar esatariek egin zuten; eta Egoitz Txurruka eta Soraya Vegas berriemaileek Arriaga Antzokiaren barrualdean eta kanpoaldean bildutako lagunak elkarrizketatu zituzten.
- Ikusi Marijaiaren harrera EITB Nahieran atarian.
- Txupinazoaren unea
"Lau Teilatu: Zea Mays"
Igandean, abuztuaren 21ean, "Lau Teilatu" saioren atal berri bat emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Honako honetan, Zea Mays talde bilbotarraren kontzertu berezia izango da ikusgai 21:15ean. Garai berezia da beraientzat, izan ere, 25 urte bete dituzte oholtza gainean. Euren hirian, Bilboko Euskalduna Jauregiko teilatutik, musikaren energiaz eta ahotsaren indarraz, kontzertu berezia eskainiko dute. Emanaldian, taldearen melodia ezagunenak izango dira entzungai, tartean, "Kea", "Kemena", "Adore", "Elektrizitatea", "Atera", "Kuraia", "Itsasoa", edota "Negua joan da ta" abestiak. Gainera, Ilaski Serranok Aiora Renteriarekin luze eta zabal hitz egiteko tartea ere hartuko du. Elkarrizketan, taldearen ibilbideaz solastatuko dira, eta azken urteotako ezohiko bizipenak gogora ekarriko dituzte.
"Edozein herriko…", suak gauero eta Marijaiari agurra
Bestalde, igandean hasi eta aste osoan zehar, "Edozein Herriko…" saioaren barruan, Bilboko suak zuzenean emitituko dira. Italia, Frantzia, Coruña, Granada, Valentzia eta Zaragozako zazpi piroteknia konpainia lehiatuko dira aurten Nazioarteko Bilbo Hiria Su Lehiaketaren XXX. edizioan. Azken gauean, abuztuaren 27an, Valecea pirotekniak erakustaldia egingo du.
Suak emateaz gain, Julian Iantzik eta Ilaski Serranok gidatuko duten "Edozein herriko…" programak egunero Bilboko kaleetan bizi den jai giroaren berri emango du. Uribitarte pasealekuan kokatutako setean gonbidatu ugari hartuko dituzte, tartean, Ylenia Baglietto, Ugaitz Alegria, Karmele Larrinaga, Lander Otaola, Aitzol Atutxa, Yolanda Alzola, Zigor Iturrieta, Aitor Albizua, Unai Goikolea, Gontzal Mendibil eta Xabi Solano.
Hurrengo igandean, abuztuak 28, Marijaiaren agurra emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en. Jaietako bederatzigarren egunean, itsasadarretik egingo duen ibilbidean, pertsonaia ezagunak agur esango die aurtengo festei sugarren artean.
Bilboko Aste Nagusiaren berri Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
Jaietako pregoia eta festaren hasiera iragarriko duen bolandera ere Euskadi Irratian eta Radio Euskadin jarraitu zituzten entzuleek. Gainera, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioak goizero eskainiko dio tartea festak ematen duen guztiari. Bestalde Radio Euskadiko albistegi eta saioetan ere Aste Nagusiko egitarauak biltzen dituen ekitaldi nabarmenei jarraipena egingo diete; "Boulevard" saioan, esaterako, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea elkarrizketatuko dute.