Itxi

FesTVal 2022

Datorren denboraldiko apustu nagusiak FesTValean aurkeztuko ditu EITBk

EITB Media

Leer en Castellano

Telebista jaialdiko komunikabide anfitrioi gisa, presentzia nabarmena izango du EITBk jaialdi osoan eta datorren denboraldiko nobedade nagusienak aurkeztuko ditu, horien artean, ETB1eko "Naufragoak" abentura realitya. 

ETIBren 2021eko programazio berriaren aurkezpena FesTValean

EITBk, FesTValen komunikabide anfitrioi gisa, presentzia nabarmena izango du jaialdi osoan, eta Arabako hiriburura hurbilduko ditu datorren denboraldirako apustu nagusiak.

Udazkeneko nobedadeak

Asteazkenean, irailak 7, "Naufragoak" ETB1eko abentura reality berria aurkeztuko du EITBk, Andre Maria Zuriaren plazan, 11:30ean. Bertan izango dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Patxi Alonso produktore exekutiboa, Joxan Goñi zuzendaria, eta Lur Errekondo eta Iñigo Vicens aurkezleak. Arratsaldean, 19:30ean, saioaren aurrestreinaldia eskainiko da Principal Antzokian eta bertan bilduko dira abentura berri honetan parte hartuko duten protagonistak.

Karibean girotuta dagoen saio berri honetan, itsasoan galdu diren parte-hartzaileek erronka gogorrari aurre egin beharko diote. Lehiakideak bikoteka arituko dira, muturreko egoerak biziz eta denetariko probak gainditu beharko dituzte. Euskaraz egindako ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko ETBren apustu berri da, "El Conquistador del Caribe" saio arrakastatsuaren sortzaileen eskutik.

'Naufragoak' ETB1en.

Saioaren promozio kanpainaren baitan, EITBk botila erraldoi bat jarriko du Andre Maria Zuriaren plazan irailaren 5etik 7ra, eta bertaratzen diren guztiak naufragoen botilarekin argazki bat egitera gonbidatuko ditu. Argazkiak Instagramera igotzen dituzten guztien artean, bi pertsonentzako 1000 euroko bidaia zozketatuko dute.

Ostegunean, irailak 8, udazkeneko programazio berriaren aurkezpena egingo du EITBk, telebistako aurpegi ezagunekin, Andre Maria Zuriaren plazan, goizeko 11:00etan. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatuko du ekitaldia eta protagonistek aurtengo nobedadeak azalduko dizkiete bertara gerturatuko direnei. Besteak beste, Klaudio Landa, Ilaski Serrano, Antton Telleria, Maddalen Arzallus, Xabier Sukia, Joseba Arguiñano, Javi Sierra, Ander Gonzalez, Ane Ibarzabal, Aitor Albizua eta Félix Linares izango dira bertan, egun horretan bertan ezagutzera emango diren beste aurpegi berriekin batera.

Ostiralean, irailak 9, EITBk Europa Jauregian egingo den ProFesTVal jardunaldi profesionaletan parte hartuko du goizeko 11:00etan. Bertan, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia euskal ikus-entzunezko ekosistemaren ordezkari nagusiekin bilduko da.

Itxiera gala eta sari banaketa

Aurtengo itxiera galak nobedade bat dakar: EITBk lehen aldiz emango du telebistan. Irailaren 10eko ekitaldiak Estatu mailako telebista munduko pertsona ospetsuak bilduko dira. Halaber, EITBk 40. urteurrena ospatuko du ikus-entzuleekin eta Principal Antzokian bildutako publikoarekin. Emanaldia ordutegi nagusian egingo da ETB2n eta eitb.eus-en.

Bestalde, Gasteizko jaialdiak EITBren saio eta profesionalak sarituko ditu, baita ikus-entzunezko taldearen 40 urteko ibilbidea ere. Hartara, hiru sari jasoko ditu komunikazio taldeak: Javi Sierrak aurkezten duen "Tupper Club" saio gastronomikoa, "Irabazi Arte!" fikziozko telesaila eta EITBren 40. urteurrena gailenduko dituzte. Bestalde, EITBk Iñaki Gabilondo kazetariaren profesionaltasuna eta ibilbidea gailenduko ditu EITB Sariarekin.

'Irabazi Arte!' saioa.

Urtero bezala, EITBko ordezkaritza zabala bilduko da FesTValeko itxiera galan eta telebistako aurpegi ezagunenak jaialdiko alfonbra laranjan desfilatuko dute.

Albisteak (2)