Itxi

Saria

Eva Caballerok Concha García Campoy Kazetaritza Zientifikoko saria jaso du

EITB Media

Leer en Castellano

Telebistako Akademiak sortutako Concha García Campoy sarien zazpigarren edizioaren irabazleak iragarri ditu epaimahaiak ostegunean.

Eva Caballero kazetaria.

Eva Caballero kazetariak Concha García Campoy Kazetaritza Zientifikoko saria jasoko du irrati kategorian. Radio Euskadiko "La Mecánica del Caracol" saioan eskainitako Perseverance, el rover capaz de buscar huella de vida, listo para aterrizar en Marte atalak irabazi du golardoa. Estatu mailan, irratian, egunero emititzen den dibulgazio irratsaio bakarra da Eva Caballerok gidatu eta zuzentzen duen "La Mecánica del Caracol".

Saritutako atalean, UPV/EHUko ikerlariek NASA agentziako MARS 2020 misioan izandako partaidetzaz hitz egin zuten, jaurtiketaren bezperan. Erabili izan dituzten instrumentu zientifikoen funtzionamendua azaltzeaz gain, Martera joango diren misioen helburuak zehaztu zituzten. Saioak, gainera, Raul Ibañez UPV/EHUko irakasleak gidatutako matematikari buruzko tartea eskaini zuen, zientzia honek gure eguneroko bizitzan dituen aplikazioei buruzkoa.

Telebistako Akademiak sortutako Concha Garcia Campoy Kazetaritza Zientifikoko sariek ibilbide profesionalen eta kazetaritza lanen bikaintasuna nabarmentzen dute: ikerkuntza, dibulgazio zientifikoa eta osasunarekin lotutako istorioak, etika eta konpromisuarekin, gizarteari zorroztasunez helarazten dizkioten lanak, hain zuzen ere.

Zazpigarren edizio honen irabazleak honako hauek izan dira: Jose Corbella kazetaria, ibilbide profesionalaren kategorian; La 2 kanaleko "Crónicas" saioak eskainitako Antropoceno nuestro legado en las rocas erreportajearen lantaldea; Laura Chaparro kazetaria, Muy Interesante aldizkarian publikatutako Los microorganismos son los amos erreportajearengatik, idatzizko prentsa kategorian; eta Veronica Paves kazetaria, eldia.es-en argitaratutako El viaje temporal de las perseidas lanarengatik, prentsa digitala kategorian.

Aurtengo epaimahaia osatu dute: Lorenzo Diaz Garcia-Campoy kazetariak, Maria Casado Telebistako Akademiako presidenteak, Miguel Angel Noceda FAPEko presidenteak, Luis del Olmo Irratiko Akademiako ohorezko presidenteak, Maria Blasco CNIOko zuzendariak eta Tomas Molina TV3ko meteorologia buruak.

Informazio gehiago (1)