EITBPodkast
"Uhin Ultramoreak" zientzia eta teknologia podcast berria EITBPodkast plataforman
EITB Media
Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileek gidatuko dute podcast berria, eta gaurtik aurrera dago entzungai EITBPodkast atarian.
"Uhin Ultramoreak" podcasta.
EITBPodkast plataformak zientzia eta teknologiari buruzko "Uhin Ultramoreak" podcast berria estreinatu du gaur, azaroak 9. Uhin ultramoreek begi-bistan ez dagoena azaleratzen dute, alegia, argi ikusgarriarekin ikus ezin daitekeena. Bada, horixe izango dute helburua Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran zientzia dibulgatzaileek Elhuyarrek ekoiztutako podcast berri honetan.
Zientzia eta teknologiaren arloko gai interesgarrienak aztertuko dituzte, ikusezina azaleratzeko teknika baliatuz, eta gaurkotasun zientifiko-teknologikoari errepasoa egingo diote, mito batzuk argituz. Besteak beste, historian zehar ezkutuan geratu diren emakume zientzialarien ekarpenak eskainiko dituzte.
Podcastaren jarraitzaileei interakzioa ere eskainiko diete Alaitzek eta Anak sare sozialen bitartez, atalez atal eskainiko den soinu misteriotsua zerk sortzen duen asmatzera gonbidatuz. Podcastaren soinu edizioa Egoitz Etxebeste Adurizek egingo du.
EITBPodkast plataforman entzungai dagoen lehen atalean, adimen artifizialaren erabilerari erreparatu diote. Puri-purian dagoen gaia da, batez ere, arteari dagokionean.
Elhuyar eta EITBren arteko aliantzaren eskutik sortutako proiektua da, Elhuyarrek ekoiztua. Guillermo Roak gidatzen dituen "Norteko Ferrokarrila" eta "Ekosfera" Euskadi Irratiko saioak eta ETBko "Teknopolis" saioa ere elkarlan horren emaitza dira.
Ondorengo egunetan, halaber, Sustrai podcasta izango da entzungai EITBPodkast atarian. Lurreko, itsasoko edo edozein jatorriko elikagaiek gure platerera iritsi aurretik duten balio-katea aztertuko du Guillermo Roak adituekin. Kasu honetan ere, Elhuyarrek egin du ekoizpena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena eta Lehiakortasun sailarentzat.