Itxi

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken txanpari jarraipen berezia EITB Median

EITB Media

Leer en Castellano

Finalaurrekoak, orain arte bezala, ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko dira zuzenean, eta bigarren itzuli honetako ganbarako lanak, gainera, ETB1en ere bai. Euskadi Irratiak ere arreta berezia eskainiko dio hemendik aurrerako jardunari albistegietan, programetan eta "Hitza Jolas" bertso saioan.

Bertsolari Txapelketako finalaurreko bateko irudia. Bertsozale Elkartea.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu den honetan, azkeneko hiru finalaurrekoei eta finalari jarraipen berezia egingo diote EITB Taldeko hedabideek.

Amurrion (azaroak 19), Baionan (azaroak 26) eta Bilbon (abenduak 3) jokatuko diren bigarren itzuliko finalaurrekoak, lehen itzulikoak bezala, zuzenean ikusi ahal izango dira ETB4n eta eitb.eus-en 17:00etatik aurrera Ilaski Serranoren eta Jon Martinen kontakizunarekin. Gainera, hiru jardunaldi hauetako ganbara lanak ETB1en eskainiko dira: larunbat honetakoa 23:00etan, eta hurrengo biak, 21:00etan.

Orain arte bezala, "Hitzetik Hortzera" saioak finalaurreko bakoitzeko bertsoaldi onenen bilduma osatuko du igande bazkal ostean. Eta "Biba Zuek!" saioan Andoni Egañaren asteroko bisita izango dute, historian izan diren txapelketen errepasoa egiteko.

Bestalde, Euskadi Irratiak arreta berezia eskainiko dio txapelketa nagusiaren azken faseari. "Hitza Jolas" bertsolaritza saioan egin ohi dioten jarraipenari batuko zaio beste programetan eta albistegietan zabalduko dituzten tarteak. Eneritz Gorrotxategi eta Nekane Peñagarikano kazetariak arduratuko dira kontakizuna egiteaz. Halaber, finalaren egunean, Xabi Payaren laguntza izango du Euskadi Irratiko lantaldeak.

Azkenik, Radio Euskadiko "Kultura.eus" (Galder Perezek gidatuta) eta "Hágase la Luz" (Goizalde Landabasok gidatuta) irratsaioek adi-adi jarraituko dute txapelketan gertatzen dena hemendik eta abenduaren 18ko finalera bitartean.