Itxi

ALIANTZA

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren babesle izango da EITB

EITB Media

Gure ikus-entzunezko taldeak zabalkundea emango dio abenduaren 9tik 18ra mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera eskainiko duen jaialdiari. Halaber, aurten, lehen aldiz, euskarazko film onenari emango zaion EITB Saria banatuko du.

Azaroaren 22an Euskalduna Jauregian egindako aurkezpen ekitaldiko irudia. Mendi Film

EITB ikus-entzunezko taldea abenduaren 9tik 18ra bitartean egingo den BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren babesle izango da. Atzo egin zen Bilbon 15. edizioaren aurkezpena. Bertan, EITBren izenean, Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariak hartu zuen parte. 

Euskal Herriko zinema jaialdiekin aliantzak josten ari da EITB, ikus-entzunezko arloari bultzada emateko asmoz. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura ardatz dituen Bilboko jaialdiari zabalkundea emango dio bere hedabideen bitartez. Aurten, gainera, euskarazko film onenaren EITB Saria banatuko du. 

Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera eskainiko digu beste behin BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak hiriko hiru aretotan (Sala BBK, Golem zinemak eta Euskalduna Jauregia). 59 pelikula aurkeztuko dira, haietatik 16, nazioarteko estreinaldiak. Bestalde, 10 euskal produkzio egongo dira aurtengo edizioan, 3, euskaraz. 

Filmez gain, erakusketak eta hitzaldiak ere izango dira, eta mendiari buruzko komikia ere argitaratuko dute, Andres Espinosa mendizaleari eskainia.