Itxi

Bertsolaritza

Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren final handia, zuzenean EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroa Arenan egingo den final handia zuzenean eskainiko dute ETB1ek, eitb.eus-ek eta EITBko Youtubeko kanalak. Bai goizeko, bai arratsaldeko saioak izango dira ikus eta entzungai. Euskadi Irratiak ere jarraipen berezia egingo dio egun osoan zehar.

Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finala.

Igande honetan (abenduak 18) EITBk zuzenean eskainiko du Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren final handia. Hiru hilabeteko lehiaren ondoren, iritsi da txapelketaren azken urratsa, eta lehengo aldiz, Iruñean egingo da finala.

Nafarroa Arenan 13.000 bertsozale elkartuko dira bertso emanaldia jarraitzeko. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa, 17:00etan. ETB1ek eta eitb.eus-ek bi saioak eskainiko dituzte zuzenean, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen kontakizunarekin; Egoitz Txurruka kazetariak elkarrizketak egingo ditu protagonista eta publikoarekin. EITBko Youtube kanalean ere izango da saio osoa ikusgai, eta Euskadi Irratiak arreta berezia eskainiko dio txapelketari.

Finalera sailkatu diren zortzi bertsolariak honako hauek dira: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria. Maialen Lujanbio egungo txapeldunak bi aldiz jantzi du txapela, 2017an eta 2009an; Amets Arzallus 2013an izan zen txapeldun.

Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari; horrela, urte luzez bertsolaritzako eragile gisa egindako bidea aitortu nahi izan zaio. Bestalde, Alaitz Rekondo Ferrero, Aritz Bidegain Aire, Idoia Anzorandia Kareaga eta Ion Zaldua Brit izango dira aurkezle eta gai-emaileak.

Horrez gain, hemengo nahiz nazioarteko ikertzaileak eta munduko beste bat-bateko kantuetako inprobisatzaile, aditu eta elkarteetako ordezkariak bilduko dira finalaren egunean. Gainera, euren ekimenez etorritako hainbat glosadore (Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuko inprobisatzaileak) eta zale katalanak ere izango dira finalean ikus-entzule.

Euskadi Irratian jarraipen berezia

Euskadi Irratiak arreta berezia eskaini dio txapelketa nagusiari, bereziki, azken faseari. "Hitza Jolas" bertsolaritza saioan egin ohi dioten jarraipenari batu zaio beste programetan eta albistegietan zabaldu dituzten tarteak. Eneritz Gorrotxategi eta Nekane Peñagarikano kazetariak arduratu dira kontakizuna egiteaz, eta finalaren egunean ere, Nafarroa Arenatik zuzenean arituko dira, Xabi Paya lagun dutela. Orduz orduko albiste emankizunetan eta "Amarauna" eta "Hiru Erregeen Mahaia" saioetan konexioak egingo dituzte, eta eguerdiko "Goizak Gaur" albistegian ere, bat egingo dute eurekin, goizak eman duena aztertzeko.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)