Itxi

Gaztea Sariak

2023ko Gaztea Sarien gala, gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian

EITB MEDIA

Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak aurkeztuko dute ekitaldia eta, Gazteako hainbat esatarik eta kolaboratzailek bezala, euskal diseinatzaileen sorkuntzak jantziko dituzte. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Gaztearen YouTube kanalean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ostegun honetan, martxoak 2, banatuko dira 2023ko Gaztea Sariak, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldi ikusgarrian. Ainhoa Vitoriak eta Julen Telleriak aurkeztuta, 19:30ean hasiko da sari banaketa.

Publikoak emandako botoak kontuan hartuta, guztira zazpi sari banatuko ditu Gazteak, artista, abesti, bideoklip, zuzeneko, disko, artista berri eta fandom onenaren kategorietan.

Ekitaldi horretan, gainera, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, ETS eta Süne, Sua, Neomak eta Merina Gris taldeekin. Galan zehar joko dute taldeek, gau berezirako propio prestatutako ikuskizunak eskaintzeko. Sariak banatuta, gaua ixteko, Bulego taldearen kontzertu berezia egongo da. Gainera, euskal musikaren ordezkaritza zabala bilduko dute Gaztea Sariek ostegun honetan Bilbon.

Sarrerak agortuta daude, baina gala zuzenean jarraitu ahal izango da Gaztearen YouTube kanalean eta irrati bidez. 17:00etan hasiko da zuzeneko emanaldia Gaztearen YouTube kanalean eta irratian.

Photocalla eta "Gu" saio berezia, 18:00etatik aurrera

18:00etatik aurrera publikoak aukera izango du Euskalduna Jauregiko Urban Hallera sartzeko. Izan ere, sari banaketa hasi baino lehenago bertaratzen direnek aurpegi ezagunen photocalla eta "GU" saio bereziaren zuzenekoa ikusteko aukera izango dute. Lehen Gaztea Saria, gainera, galaren aurretik emango dute, "GU" saio berezi horretan.

17:00etatik 19:30era, "GU" saioko kideek Urban Hallen gertatzen ari denaren zuzeneko kontaketa egingo dute, irrati zein streaming bidez. Galara gonbidatutako artistak ere bertatik pasatuko dira, baita saioko hainbat kolaboratzaile ere. Horrez gain, aurpegi ezagunen alfonbra gorriko photocalleko zuzeneko kontaketa egingo dute Ibon Fernandez, Maite Garmendia eta Alain Perezek, Jon Fernandez lagun dutela. Euskal musikaren aurpegi eta izen ezagun asko pasako dira galaren photocalletik.

Euskal diseinatzaileen jantziak

Julen Telleria eta Ainhoa Vitoria ekitaldiko aurkezleek, Gazteako hainbat esatarik eta kolaboratzailek bezala, euskal diseinatzaileen aldeko apustua egingo dute ostegun honetan festa handirako; eta, zehazki, Eñaut, Ural Create, Loreak Mendian eta Ayerregaray sortzaile eta etxeen sorkuntzak jantziko dituzte.

Behekalde berriaren estreinaldia

Emozioz eta sorpresaz betetakoa gaua izango da, zalantzarik gabe; eta estreinaldiren bat ere ekarriko du. Izan ere, Sua taldeak Miramondik egingo du, zuzenean, osteguneko kontzertu berezia; hain zuzen ere Gazteak Miramonen duen Behekalde espazio berrian. Igandetan YouTuben eskaini ohi diren Behekalde emanaldi horiek aurreratzen espazio berri horretan grabatuko dituzte.

Zazpi sari

Guztira, zazpi sari banatuko ditu Gazteak, publikoak emandako botoak kontuan hartuta.

ETS, IZARO, ZETAK, Verde Prato eta Bulego dira talde edo bakarlari onenaren atalean hautagaiak; eta abesti onenaren kategorian, berriz, honakoak dira bost proposamenak: J Martinaren "Amore", ETSren "Abuela maitea", Olaia Inziarte eta Olatz Salvadorren "Behe klasekoak", Bulego eta Marenen "Ezer ez da berdina" eta ZETAK eta Erramun Martikorenaren "Itzulera". 

Zuzeneko onenari dagokionez Dupla, IZARO, Chill Mafia, Neomak eta Gatibu dira izendatuak; eta disko onenaren kategorian ditugu Zea Maysen Adore, Kemena, Kuraia, Olaia Inziarteren Lehengo lepotikan burua, Merina Grisen Zerua Orain, Willis Drummonden hala ere eta Vulken Vulk Ez Da

Artista edo talde berri onena aukeratzeko J Martina, Merina Gris, Olaia Inziarte, Bengo eta Txopet dira izendatuak; eta bideoklip onenaren atalean, berriz, honakoak dira bost hautagaiak: Zea Maysen "Corazón de tango", Ezpalaken "Kontran", HOFE X 4:40ren "Handia", Huntzaren "Odoletan" eta Olatz Salvadorren "Eraman nazazu". 

Azkenik, zale gehien mugitzen dituen artistak ere sarituko dituzte fandom onenaren kategorian. Chill Mafia, Bulego, ETS, IZARO eta ZETAK proposatu ditu Gazteak. 

Otsailaren 13tik 22ra arte izan du publikoak botoa emateko aukera, Gaztearen webgunean; eta, ostegun honetan jakingo dugu nortzuk diren zazpi irabazleak.

Kutxabank eta Eusko Jaurlaritza dira Gaztea Sarien babesleak.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)