Aliantza
Euskal ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko plan bateratua aurkeztu dute EIKENek eta EITBk
EITB Media
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eta Aletxu Echevarria EIKENeko presidenteak elkarrekin diseinatutako estrategiaren aurkezpena egin dute Donostiako Tabakaleran ostiral honetan egindako ekitaldian.
Garai berriak euskal ikus-entzunezko sektorean izenburupean ekitaldia egin da Donostiako Tabakaleran ostiral honetan (martxoak 10). Bertan, euskal ikus-entzunezko sektorea indartzeko elkarrekin diseinatu duten estrategia aurkeztu dute EITBren zuzendari nagusi Andoni Aldekoak eta EIKENeko (Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Klusterra) presidente Aletxu Echevarriak. 2023-2024 aldirako finkatu diren helburuen berri eman dute: tokiko sektore-ekosistema bateratu eta sendotzea, eta gaur egungo errealitatera egokitutako edukietan espezializatzea, lehiakorra eta jasangarria izan dadin.
Lehenik eta behin, Andoni Aldekoak azaldu ditu EITB 2030 Estrategiaren barruan ikus-entzunezko taldea ematen ari den urratsak, besteak beste, eduki orokorren zein haur eta gazteentzako edukien OTTen alorrean, eta informaziorako euskarri berrietan. Horrekin batera, azken transmedia esperientzien inguruan mintzatu da, baita ikus-entzunezkoen edukietarako Europako datu-partzuergo bat sortzeko proposamenean izan duen parte hartzearen inguruan.
Andoni Aldekoa, Tabakaleran egin den jardunaldian
Ondoren, Aletxu Echevarriak euskal ikus-entzunezko sektoreari hazten lagunduko dioten sei lan-ildo nagusiak zehaztu ditu: inpaktu soziala sortuko duten eduki berritzaileak sortzea; ikus-entzunezko metadatuei buruzko proiektu aitzindaria garatzea; azpiegitura digital berriei buruzko ekoizpen birtuala sustatzea; egiteko komertzialak bultzatu eta nazioarteko foro eta proiektuetan parte hartzea; sektorean profilen gaikuntza garatzea; eduki jasangarrien kudeaketa (Green Deal).
Azkenik, Europan lehenesten ari diren jarduera-eremuei buruzko ikuspegia eman du Lucia Recalde adituak. Europako Batzordeko Hedabide Politikako zuzendariondokoa eta Ikus-entzunezkoen Industriaren eta Hedabideen Sustapenerako Unitateko arduraduna da bera.
Lucia Recalde aditua azalpenak ematen
Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak egin die ongietorria jardunaldi honetara bertaratu direnei, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak itxi du ekitaldia.