Aliantzak
TOKIKOM taldearen 'Komunikabideak etorkizuna ehuntzen' jardunaldietan parte hartuko du EITBk gaur
EITB MEDIA
Bertan izango da Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Primeran plataformaren aurrerapena egiten; eta Oihane Mateos Digitaleko albistegi buruak, berriz, Saretzen proiektua izango du hizpide. "En Jake" saioak programa berezia egingo du bertatik, eta jardunaldiak zuzenean eskainiko ditu eitb.eus-ek.
TOKIKOM taldeak 10 urte bete berri ditu eta, urteurren horri lotuta, Komunikabideak etorkizuna ehuntzen jardunaldiak antolatu ditu martxoaren 24rako. Getxoko (Bizkaia) Olatua Gurutzontzien Terminalean izango da hitzordua, 09:00etatik aurrera, tokiko hedabideek -eta komunikabideek orokorrean- etorkizunari begira esku artean dituzten erronken inguruan hausnarketa egiteko. Besteak beste, EITBren babesarekin antolatutako jardunaldia da, eta Unai Iparragirre Euskal Telebistako zuzendaria eta Oihane Mateos EITB Mediako Digitaleko albistegi burua bertan izango dira.
Egunean zehar hiru gai nagusi landuko dituzte: "Demokrazia soziala eta toki-kazetaritza"; "Kazetaritza eta aisia"; eta "Kazetaritza eta digitalizazioa".
Hala, "Demokrazia soziala eta toki-kazetaritza" lehen atal horretan parte hartuko du Oihane Mateos EITB Mediako Digitaleko albistegi buruak, eta EITBk eta TOKIMOMek elkarrekin abian jarritako Saretzen proiektua izango du hizpide. Unai Iparragirrek, berriz, Primeran ikus-entzunezko plataformaren aurrerapena egingo du "Kazetaritza eta aisia" atalaren baitan. eitb.eus-ek zuzenean eskainiko ditu hitzaldiak, streaming bidez.
Gainera, jardunaldiok direla-eta, ETB2ko "En Jake" saioak programa berezia egingo du bertatik. Xabier Lapitzek gidatzen eta zuzentzen duen saioa kalera aterako da ostiral honetan komunikabideei buruzko jardunaldi hauek gertutik jarraitzeko. Hasteko, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidenteari elkarrizketa egingo diote eta, horrez gain, komunikabideen arteko lankidetzaz eta euskal gazteen telebista kontsumoaz arituko dira jardunaldietan parte hartuko duten zenbait hizlarirekin
Hori guztia, eguneko aktualitatea ahaztu gabe. Azken orduko albisteen berri emateaz gain, analisia jorratuko dute Naiara Pinedo, Maite Ubiria eta Braulio Gómez kolaboratzaileekin.
"En Jake" berezia, Getxotik, ostiral honetan, 11:30etik aurrera, zuzenean, ETB2n eta eitb.eus-en.
Egun osoko hausnarketa eta ospakizuna
Tokiko komunikabideek gizartean betetzen duten paperaren inguruan hausnarketa egitea, beste toki komunikabide sare batzuekin abiatutako elkarlanean sakontzea, eta etorkizuneko erronkei begira digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu kazetaritza, demokrazia soziala... aztertzea izango dute jardunaldiok helburu. Tokiko komunikabideen elkarteen manifestua jorratzeko tartea ere egongo da; eta, nola ez, TOKIKOM taldearen 10. urteurreneko ikuskizuna eta ospakizuna egingo dute.
Euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarea da TOKIKOM. 2012an sortu zen eta ondoko zeregin hauek ditu: toki komunikabideen solaskidetza bateratua beste eragile publiko zein pribatuen aurrean; jarduera esparru komunen kudeaketa: publizitatea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak…; eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea.