Txirrindularitza
Italiako Giroa, zuzenean, EITBn
EITB Media
Fermin Aramendik, Alfonso Arroiok eta Alessandro Rutak "Ez da Giro!" saio berezia eskainiko dute egunero ETB1en. Gainera, jardunaldiz-jardunaldi lasterketaren jarraipen zabala egingo dute Joxe Mari Apaolazak Euskadi Irratian eta Dani Egañak Radio Euskadin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maiatzaren 6tik 28ra bitartean jokatuko da aurten Italiako Giroaren 106. edizioa eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenenean eskainiko dituzte etapa guztiak. Gainera, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin maglia arrosaren lasterketari gertuko jarraipena egingo diote egunero; Joxe Mari Apaolazak eta Dani Egañak ekarriko dute informazio eguneratua.
Telebistako emanaldia "Ez Da Giro!" saioaren barruan eskainiko da 15:00etatik aurrera, ETB1en. Alabaina, etapa asko lehenagotik jarraitu ahal izango ditugu ETB4n, egunaren arabera, 14:00etan edota 14:30ean hasita. Online, EITBren appan eta webgunean, Zuzenean atalean, oso-osorik ikusi ahalko dira etapak.
Italiako Giroa, zuzenean, EITBn
"Ez Da Giro!" saioan esatari eta aditu talde zabala bilduko da arratsaldero lasterketaren kontakizuna eta analisia egitera. Fermin Aramendi, Alfonso Arroio eta Alessandro Rutari adituak eta gonbidatu bereziak batuko zaizkie egunero platora. Mahai inguruan bilduko dira, besteak beste, Jon Odriozola, Haimar Zubeldia, Beñat Intxausti, Abraham Olano, Egoi Martinez eta Pablo Urtasun.
EITBko irratietan ere Italiako Giroaren informazio eguneratua emango dute. Joxe Mari Apaolazak eta Dani Egañak egingo dute lasterketaren kontakizuna eta jarraipena Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko saio ezberdinetan. Asteburuetan, gainera, Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" saioan, zuzenean kontatuko dituzte azken kilometroak.