Itxi

M28

Hauteskunde gaua, bertatik bertara, EITBko hedabideetan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

19:00etatik aurrera hasiko dira saio bereziak EITBko irratietan eta telebista kanaletan. eitb.eus-ek, berriz, jarraipen zabala egingo du hauteskundeei eskainitako webgunean.

Nerea Reparaz eta Xabier Usabiaga

EITBko hedabideek igande honetako hauteskunde gauaren berri emateko ahalegin berezia egingo dute. Euskal Telebistak bi saio berezi egingo ditu: ETB1en Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek aurkeztuta, 19:40etik aurrera; eta ETB2n Juan Carlos Etxeberria, África Baeta eta Xabier Ormazabalekin, 19:15ean hasita. Albistegi berezi hauek gauerdira arte luzatuko dira.

Datuak irakurtzeko gune bat egongo da eta politologoekin aztertzeko beste bat: ETB1en Endika Nuñez, Iñaki Galdos, Ainhoa Etxaide eta Pilar Kaltzada izango dituzte gonbidatu; ETB2n, berriz, Eva Silván, Braulio Gómez, Maite Ubiria eta Naiara Pinedo bilduko dira. Gainera, ETB2n mahai bat egongo da bost alderdi eta koalizio nagusietako ordezkariekin.

Saio horietan hedapen zabala izango da: Euskadiko eta Nafarroako alderdi nagusien egoitzetan izango da EITB, baita PSOEk, PPk eta Podemosek Madrilen dituzten egoitzetan ere. 

Xabier Ormazabal, África Baeta eta Juan Carlos Etxeberria

EITB Taldeko irratiak

Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta Radio Vitoriak albistegi bereziak eskainiko dituzte, boto-zenbaketari buruzko informazio guztiarekin, adituen analisiekin eta alderdi politikoen adierazpenekin. Halaber, alderdi eta gune nagusienetan egongo dira. Euskadi Irratiko saio berezia Maite Artolak gidatuko du, Radio Euskadikoa Dani Álvarezek eta Radio Vitoriakoa Ismael Díaz de Mendibilek.

Euskadi Irratiko saioa 19:45ean hasiko da, eta, besteak, beste, Josune Ariztondo, Eneko Etxeberria, Nerea Azurmendi eta Felix Arrieta arituko dira analisian. Beste gonbidatu zerrenda luzea ere izango dute Nafarroako, Espainiako eta lurraldez lurraldeko datuak aztertzeko.

Radio Euskadin, analisia eta komentarioa egiteko, Natalia Rojo, Cristina Ruiz, Iñaki Garcinuño eta Ion Ansa izango dituzte, eta horiekin batera, Santi Pisonero soziologoa, parte-hartze datuak aztertzeko. Udaletako, Batzar Nagusietako eta Nafarroako Parlamentuko datuei begira izango dira, baita egun horretan hauteskundeak dituzten 12 autonomia erkidegoetara ere. 19:00etan ekingo diote emanaldi bereziari.

Radio Vitorian Rakel Ecenarro, Lorena Lopez de Lacalle, Alvaro Iturritxa, Patxi Gomez eta Jaione Sanz izango dituzte gonbidatu 21:00etan hasiko den saio berezian.

Ismael Díaz de Mendibil, Maite Artola eta Dani Álvarez.

Botoaren eta ordezkaritzaren estimazioa

20:00etan, EITB taldeko hedabideek botoaren eta ordezkaritzaren estimazioa egingo dute, Euskadin eta Nafarroan egindako landa-lan banatan jasotako datuetan oinarrituta. Tracking eredua erabiliko dute aurreko egunetatik hauteskunde egunera arte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gizaker enpresak egingo du azterlana, eta Nafarroan Sigma Dos enpresak.

Berritasun gisa, telebistako pantailan sartuko den eta herri eta hiri guztietako boto-zenbaketei buruzko informazioa eskainiko duen informazio-tiketak izango dira. Nafarroan, deskonexioan, lurralde horretako berariazko datuak eskainiko dira.

eitb.eus

Goizean goizetik, hauteslekuak irekitzen direnetik, zuzeneko kontaketa egingo du EITBren web orriak: une bakoitzeko irudiak eta ahotsak jasoko ditu.

Gauean, emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera eskainiko du, informazioa etengabe berrituko baita, minutuz minutu. Tokian tokiko datuak emango dira ezagutzera, udalerriz udalerri, eta lurralde historiko bakoitzari dagokionez. Halaber, bilatzaile bat egongo da.

Horrez gain, hauteskundeekin lotutako informazioa izango da une oro eitb.eus-en. Hauteskunde gauean gertatzen den guztia argazki, bideo, testu eta audio bidez jasoko da. Halaber, EITB Taldeko telebista (ETB1 eta ETB2) eta irrati (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) emankizunak streaming bidez jarraitu ahalko dira munduko edozein lekutatik.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)