Grand Départ Pays Basque
Audientziak modu ikusgarrian erantzun dio Tourraren hasiera dela-eta EITBk egindako jarraipen bereziari
EITB MEDIA
Oro har, 532.000 lagunek egin dute bat ETBrekin asteburu honetan Tourra jarraitzeko. ETB1eko larunbateko etaparen emanaldia liderra izan zen, eta % 19,1eko kuota lortu zuen (% 40,2 euskaldunen artean). Igandean, 347.000 ikus-entzulek egin zuten bat ETBrekin Frantziako Tourra ikusteko. ESKERRIK ASKO!
"On Tour" berezia, Donostiatik
Euskal Herritik abiatu den 2023ko Frantziako Tourraren lehen etapa hauei emandako erantzuna bikaina ari da izaten, baita EITBn ere, ikus-entzuleen erantzuna ikusgarria izan baita asteburu honetan. Oro har, 532.000 lagunek egin dute bat ETBrekin Tourreko programazioa jarraitzeko.
Joan den ostegunean hasiera bikaina eman zion EITBk Grand Départ Pays Basqueri, Xabier Usabiagaren eskutik Tourreko taldeen aurkezpena munduko osora zabalduta; eta, asteburuan zehar audientzia datu bikainak lortu dituzte ETB1ek eta ETB2k.
Hala, ETB1eko larunbateko etaparen emanaldia liderra izan zen hasieratik (12:30etik), eta lidergoari eutsi zion lasterketaren emisioan zehar. % 19,1eko audientzia-kuota ikusgarria lortu zuen, eta % 40,2ra iritsi zen euskaldunen artean.
Igandeko audientzia datuek ere berretsi egiten dute ikus-entzuleek ETBren alde egindako apustua. Izan ere, 347.000 ikus-entzulek egin zuten bat Euskal Telebistarekin Tourra jarraitzeko. Gainera, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko terrazatik egindako ETB1eko "On Tour" berezia liderra izan zen bere ordu tartean, % 11,3ko datua eskuratuta (% 20,7 euskaldunen artean)
Uztailaren 1, 2 eta 3an, ETB zuzenean eta osorik ari da eskaintzen Tourraren etapak, Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Pedro Mari Goikoetxea eta Alfonso Arroiorekin.
Fermin Aramendi, Bilbotik egindako 'On Tour' berezian
EITB Taldea media partner da Tourraren Euskal Herriko hiru etapetan, eta txirrindularitza lasterketa handiaren erakusleiho nagusia ari da izaten. Goi-mailako ekoizpena ari da egiten, etapak osorik eta saio eta informatiboak kaletik zuzenean eskaintzeko (Bilboko UPV/EHUren Bizkaia Aretoko terrazatik, Deustuko Unibertsitateko set berezitik, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko terrazatik edo Baionatik, besteak beste)
Albistegiak, lider asteburuan
Ostiralean, ekainak 30, ETB2ko "Teleberri", "Kirolak" eta "Eguraldia" tarteak liderrak izan ziren, eguerdiko eta gaueko edizioetan. Nabarmentzekoa da, halaber, "Teleberri 2" albistegia eguneko saiorik ikusiena izan zela, % 20,3ko kuotarekin.
Larunbatean eta igandean ere "Teleberri" eta "Kirolak" albistegiek lidergoari eutsi diote; larunbatean, "Teleberri 2" eta "Kirolak 2" lider izan ziren; eta igandean, albistegiaren bi edizioak eta gaueko kirol informazioa gailendu egin ziren euren adin tarteetan.
'Kirolak' berezia Deustuko unibertsitateko set berezitik
"Nos Echamos a la Calle", lider ere ostiralean eta larunbatean
Ane Ibarzabalek aurkeztutako "Nos Echamos a la Calle" arratsaldeko magazina ere lider izan da bere ordutegian azken bi egunetan. Zehazki, ekainaren 30ean, % 10,5eko kuota eta 108.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen; uztailaren 1ean, larunbatean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan set-etik zuzenean eskainitako saio bereziak, berriz, % 11,1eko kuota eta 137.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen Euskadin eta eragin eremuan.
160.000 erabiltzaile bakar baino gehiago eitb.eus-en
Azkenik, larunbat eta igande honetan, 160.204 erabiltzaile bakar izan ditu eitb.eus-ek Grand Départ Pays Basque eta Frantziako Tourrarekin lotutako edukien inguruan.