Irratiak
EITB Taldeko irratiek abiatu dute denboraldi berria
EITB Media
Zerbitzu publikoarekiko eta euskal gizartearen eraldaketarekiko konpromisoei eutsiz, etorkizunera begira jardungo dira oraingoan ere, EITB irrati-taldea indartu eta formatu eta edukietan berrikuntza garatzeko helburuarekin.
Joseina Etxeberria, Olaia Urtiaga, Gorka Otaegi, Maider Segurola, Manu Etxezortu eta Mikel Rotaetxe
Irailaren 4tik aurrera hasi dira EITBko irratien denboraldi berriak, hainbat berrikuntza eta ekimen berezirekin.
Zerbitzu publikoarekiko eta euskal gizartearen eraldaketarekiko konpromisoei eutsiz, etorkizunera begira jardungo dira oraingoan ere, EITB irrati-taldea indartu eta formatu eta edukietan berrikuntza garatzeko helburuarekin. EITBren proiektu krosmediak hedatzea izango da ildo nagusienetako bat denboraldi berriari begira, eta, ohi bezala, profesional lantalde zabala aritu da irrati-denboraldi berri honetan ere.
Radio Euskadi: Berrikuntzak "Boulevard" eta "Distrito Euskadi" saioetan
Astelehenetik aurrera, eta modu mailakatuan, denboraldi berria hasiko da Radio Euskadin, irudi eta eduki berriekin.
Goizero, 06:00etatik aurrera, "Boulevard" saioak gaurkotasuna, informazioa, azken ordua, datuak eta analisia eskaintzen jarraituko du, Xabier García Ramsden eta lantalde osoaren eskutik. Gainera, entzuleek "Boulevard" ikusteko aukera ere izango dute, 07:00etatik 09:00etara, ETB2n eta eitb.eus-en. Xabier García Ramsdenek gidatutako lehenengo lau ordu hauen ondoren, 10:00etatik aurrera Iñaki Espigak hartuko du saioaren lekukoa, eta eguneko gai eta protagonista guztiak ekarriko dizkigu, baita entretenimendurik hurbilena ere, aktualitatea formatu berrietara irekiz. Astelehen honetatik aurrera izango da hori. Beste denboraldi batez, gainera, Dani Alvarezek gidatuko du "Crónica de Euskadi" eguerdiko albistegia, eta Arantza Garciak, berriz, "Ganbara" gauean.
Xabier Garcia Ramsden, Eider Hurtado eta Iñaki Espiga
Irailaren 11tik aurrera, berriz, "Kirol Gaua" eta "La Mecánica del Caracol" saioak itzuliko dira, ohiko ordutegietan. Bestalde, "Distrito Euskadi"ren denboraldi berria hilaren 18an hasiko da, oraingoan Eider Hurtadok zuzenduta, arratsaldero, 16:00etatik 19:00etara.
Almudena Cachoren "Más Que Palabras" asteburuko saioak irailaren 16an abiatuko du denboraldia.
Euskadi Irratia: Kalitatezko informazioa eta entretenimendua, euskaraz
Irailaren 4an hasi da denboraldi berria Euskadi Irratian, eta gertuko irratia egiten jarraituko du, euskal komunitatearen zerbitzura, uhinetan eta formatu berrietan. Betiko irratiaz gain, sare sozialen aldeko apustua sendotuko du, irratia, edonork eskura izan dezan, noiznahi eta nonahi.
Goizean goiz, "Faktoria" saioan, Iñaki Guridik eta bere taldeak kontatuko dizkigute aktualitateari buruzkoak: albiste nagusiak, analisia eta testigantzak, gauzak gertatzen diren lekutik. 10:00etatik aurrera, Maider Segurolak eta bere taldeak hartuko dute lekukoa: gertuko istorioak, entretenimendua eta konpainia onena, goiz-pasarako.
Maite Artolak gidatuko du "Goizak Gaur" eguerdiko albistegia; eta arratsaldean, "Kantu Kontari" izango dugu entzungai, Joseina Etxeberriaren eskutik. Iluntzera arte, "Baipasa" eskainiko da, Olaia Urtiaga eta bere taldearekin joera berriak eta munduko istorioak jorratzeko.
Asteburuetan, berriz, Eider Bilbaoren taldea arduratuko da informazioaren jarraipenaz. Gorka Otaegik gidatuko du "Amarauna" magazina eta "Hiru Erregeen Mahaia" saioak eramango gaitu, arratsaldero, kirolaren unibertsora.
Manu Etxezortu zuzenekora itzuliko da aurten: kultur munduko aktualitatea gerturatuko digu, protagonistekin, eguerdiko "Kultur Leihoa" programan. Iluntzean, berriz, saio espezializatuen tartea zabalduko du Euskadi Irratiak: "Arratsean", sortzaileen plaza, Arantxa Iturberen eskutik; "Zidorrean", Jon Basagurenen musika aukeraketarekin; "Norteko Ferrokarrila" eta "Ekosfera", zientziari eta ingurumenari erreparatzeko, Guillermo Roaren laguntzaz; poesia ekarriko digu irratira "Lizardiren Baratza"k eta bertso aukeraketa onena "Hitza Jolas" saioak, Eneritz Gorrotxategirekin.
Aktualitatea eta gertutasuna, Radio Vitorian
Radio Vitorian ere irailaren 4an hasi da udazkeneko denboraldia, dagoeneko sendotuta dauden tarteekin. Horrela, astelehenetik ostiralera, Aratz Goikoetxeak "Radio Vitoria Gaur" goizeko albistegia eta magazina gidatuko ditu 08:00etatik aurrera. 12:00etan, berriz, "Diálogos" tartea iritsiko da Maritxu Díezekin, gizarte, hirigintza, ingurumen, zientzia eta teknologia gaiak jorratzeko. Asteburuan, oraingoan ere, Pilar Ruiz de Larrearen "Déjate Llevar" saioa izango dugu entzungai. Larunbat eta igandeetan izango da, 10:00etatik 13:00etara.
Aratz Goikoetxea
Radio Vitoriak, gainera, Arabako kirolaren irratia izaten jarraituko du. Egunero, astelehenetik igandera, kirol albistegiak eskaintzeaz gain, saskibaloi eta futbol partidak emango ditu gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Ikasturte berriko kirol-ekitaldi guztietan ere egongo da.
Huntzaren kontzertua, Gaztearen denboraldi berriko aurkezpenean
Bestalde, Gaztea irratiak irailaren 11n hasiko du denboraldi berria, "Gu" saio bereziarekin eta Huntzaren kontzertuarekin. Hala, Gaztearen denboraldi berria behar bezala hasteko, "Gu" saio berezia egingo dute Bilboko Sala BBK aretotik zuzenean. 17:00etan hasi eta 20:00ak bitarte, gonbidatuz beteriko arratsaldea izango da irailaren 11koa. Saioa bukatuta, Huntzak kontzertua eskainiko du, otsailaren 3an eszenatokiei agur esan aurretik.
Sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da aurretik erreserbatzea. Tiketak Sala BBKren webgunean jarriko dira eskuragarri irailaren 4an, 12:00etatik aurrera.
Bertaratzerik ez dutenek saioa online ikusteko aukera izango dute, streaming bidez, Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean.