Itxi

Estreinaldia

Abian da PRIMERAN, euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berria

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskal edukiak bermatu eta denentzat eskuragarri jarriko dituen doako plataforma digital berria da. Edukiok ikusgai daude primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan, Google Play eta Apple App store-etan, Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan; laster gehituko zaio zerrendari Android TV.

PRIMERAN plataforma

Jada martxan da PRIMERAN, euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berria. Ostiral honetatik, ikusgai dugu mundu zabalean euskara eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu nahi dituen doako plataforma. Hain zuzen ere, filosofia horrekin jaio da PRIMERAN: euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jarri.

Hala, primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan, Google Play eta Apple App store-etan aplikazioa jaitsita, Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan ikusi daitezke edukiok (azken kasu horretan, botoi berdean). Laster gehituko zaio zerrendari Android TV. Doako plataforma da eta nahiko da erregistratzea edukiak ikusteko.

Hbbtv-etan botoi berdean dugu PRIMERAN

Telesailak, filmak, haurrentzako edukiak…

Mundura zabalik dagoen euskal leiho digita berrian ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude, eta 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai. Besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dira, baita PRIMERAN eran plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Plataformaren estreinaldiarekin batera, "Porno Belaunaldia" ("Generación Porno") dokumental saila ere estreinatu da ostiral honetan, euskaraz, telebistan gazteleraz estreinatu baino astebete lehenago. Nerabeen eta sexuaren arteko egungo harremana filtrorik gabe erakusten duen saioa da, lekukotasun eta datu argigarrien bitartez.

'Porno Belaunaldia' ikusgai dugu jada plataforman

Irailaren 28an "Itxaso" euskal thriller telesaila estreinatuko du PRIMERANek, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza protagonista dituen euskarazko fikzio berria.

Film luzeen eskaintzan ditugu Errementari, Nora eta Bazen behin Euskadin, besteak beste; eta urrian iritsiko da El vasco. Nazioarteko telesailak ere ez dira faltako, euskarazko azpidatziekin: "Crazy fun park", "Non zinen?", "Derby girl", "Bila nazazu Paris"…

Zine eskaintzan PPRIMERANen

Izaro: Limoiari Eztia izeneko lana, Iribar, atezaina dokumentala eta "Ura Bere Bidean" musika ikuskizun handia daude dokumental eta entretenimendu proposamenen artean, baita Primeran plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere: Itsatsita euskal musikala; euskal ikasleek munduko toki ezberdinetan bizi dituzten esperientzien inguruko "EH!rasmus" saioa; Baserritik Basamortura dokumentala; Euskal Sukaldaritzaren Ezinbestekoak lana eta Vaya Semanita: 20 urte, besteak beste.

Horiek guztiak nonahi eta noiznahi euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du PRIMERANek. Gainera, ZerNonIkusi eduki-agregatzailearekin lankidetzan, nabigatu eta PRIMERANeko telesailak, filmak… eta katalogo osoa ezagutu ahal izango da, gehien gustatzen zaiguna aukeratzeko.

Euskarazko ekoizpenera irekita

Euskarazko kalitatezko edukiak dituen plataforma digitalik handiena dugu PRIMERAN, euskal eta euskarazko ekoizpenera irekia. Horregatik, euskal sorkuntzari eta kulturgintzari lotutako edukiengan interesa duten eragile guztien parte hartzea ere bilatzen du.

Euskadiko Filmategia partner nagusienen artean dugu, eta Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat pelikularekin eta TOKIKOM tokiko komunikabideen elkartearen edukiekin ere abiatuko du ibilbidea plataformak; edonola ere, euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango dira katalogoan. Etorkizunean zuzenekoak ere aurreikusten dira.

Aurkezpena, irailaren 21ean

Ostegun honetan, irailak 21, egingo da aurkezpena, Donostian. 19:00etan, plataforma berria aurkezteko ekitaldi ofiziala egingo da Tabakaleran, eta, besteak beste, ikus-entzunezkoen sektoreko, kulturaren munduko, politikako eta euskal gizarteko ordezkariak izango dira bertan.

Ondoren, eguraldiak baimentzen badu, drone-light show argi ikuskizun bisualaz gozatzeko aukera bai egongo da, 20:30etik aurrera, Tabakalerako sarrera nagusitik zein zentroko inguruetatik. Bertaratzen direnen artean, PRIMERANren irudia duen kuxina eta krispetak banatuko dira, agortu arte. Bertan aurreikusita zegoen El vasco filmaren emanalda bertan behera geratu da, eguraldiaren ondorioz.


Euskarazko edukiak, mundu osora

PRIMERAN plataforma berria mundura zabalduko duen komunikazio kanpainari lotuta, globo bat jaurtiki da espaziora asteazken honetan, irailak 13, Gasteizko Plaza Berritik. Plataforma berriaren aurkezpen kanpaina lantzeko irudiak grabatuko ditu globo horrek, eta PRIMERANek euskarazko edukiak mundura zabalduko dituela sinbolizatu ere.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)