Aurkezpena
Gizartearen babes handiarekin aurkeztu da PRIMERAN plataforma berria
EITB Media
270 gonbidatutik gora batu dira ekitaldira: ikus-entzunezko sektoreko eta komunikabideetako profesionalak; aktoreak eta aurkezleak; kirol, kultura, ekonomia eta hezkuntza mundutik datozenak; politikariak eta erakundeetako ordezkariak…
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur arratsaldean egin da PRIMERAN euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berriaren aurkezpen ofiziala Donostian. Ekitaldiak gizartearen babes handia izan du. Izan ere, 270 gonbidatu baino gehiago batu ditu: ikus-entzunezko sektoreko eta komunikabideetako profesionalak; aktoreak eta aurkezleak; kirol, kultura, ekonomia eta hezkuntza mundutik datozenak; politikariak eta erakundeetako ordezkariak…
Mediapro talde osoa izan da bertan, Jaume Roures presidentea buru dela; Enrique Lauzirika FORTAko presidentea, Alfonso Sanchez CRTVGko (Corporación Radio e Televisión de Galicia) zuzendaria, CCMAko (Corporación Catalana de Medios Audiovisuales) ordezkariak eta EITB Taldeko zuzendaritza eta profesionalak ere bilduko dira Tabakaleran, baita Euskal Herriko ekoiztetxeak eta IBAIAko (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) kideak ere.
"Irabazi Arte" eta "Go!azen" telesaileko aktoreekin batera, bertan egon dira Joseba Usabiaga, Miriam Cabeza, Amancay Gaztañaga, Iñigo Gastesi, Oihana Maritorena, Loinaz Jauregi eta Euskal Aktoreen Batasuneko kideak; Klaudio Landa, Ilaski Serrano, Ander González eta Mirari Martiarena aurkezleak; Pello Reparaz musikaria, eta Abel Barriola, Mikel Idoate, Iñaki Osa eta Jose Mari Barrenetxea kirolariak.
Kultur erakunde hauek guztiak egon dira ordezkatuta: Tabakera, Donostia Kultura, Eusko Ikaskuntza, Euskadiko Orkestra, Musika Hamabostaldia, Donostiako Jazzaldia, Chillida Leku, Elhuyar, Pantailak Euskaraz, Puntu.eus, Badalab, Codesyntax, Euskal Herriko Euskaltzaleak, Euskara Aholku Batzordea, Napar Elkartea, Behategia, Zineuskadi, Santurcine, Loraldia, Fant, Loturak, Zinebi, Mendifilm…
Horiekin batera, TOKIKOM tokiko hedabide sareak eta Berria egunkaria hedabideen mundutik; EHU/UPV eta Ikastolen Elkartea hezkuntza arlotik, eta ADEGI, Laboral Kutxa eta Kutxabank ekonomia sektoretik.
Azkenik, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Donostiako Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gasteizko Udala eta EITBko Administrazio Kontseilua.
Edurne Azkarate antzezleak eta Julen Hernandez kazetariak aurkeztu dute Tabakalera kultura zentroko Patio aretoan egin den ekitaldia. Bertan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Unai Iparragirre ETBko zuzendariak hartu dute parte. PRIMERANen inguruko hainbat bideo erakutsi dira eta Bulego musika taldeko Tom Lizerazuk bi abesti eskaini ditu.
20:30erako, drone-light show argi ikuskizun bisuala zegoen aurreikusita, baina bertan behera geratu behar izan da azkenean, eguraldi kaskarragatik. Cristina Enea parkean egitekoa zen El vasco filmaren emanaldia ere bertan behera geratu da.
PRIMERAN autobusa
PRIMERAN streaming plataforma promozionatuko duen autobusak Tabakaleran egin du lehen geldialdia gaur. Zinemaldiko egunetan Donostian jarraituko du eta ondoren Bilbora, Gasteizera eta Iruñera joango da.
PRIMERAN: Mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria
Irailaren 15etik ikusgai dugu mundu zabalean euskara eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu nahi dituen PRIMERAN doako plataforma. Mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berrian ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude, eta 3.000 atal baino gehiago izango dira bertan ikusgai. Besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak eskaintzen dira, baita PRIMERAN plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.
primeran.eus webgunean, SmartTV ezagunenetan, Google Play-n eta Apple App store-etan aplikazioa jaitsita, Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan ikusi daitezke edukiok. Azken kasu horretan, botoi berdean. Laster gehituko zaio zerrendari Android TV. Doako plataforma da eta erregistratzea nahikoa da.