Itxi

Aurrestreinaldia

EITBren babesa duen 'Luis de Lezama. Un cura y una taberna' dokumentala aurkeztu dute Gasteizen

EITB Media

Leer en Castellano

Apaiz eta enpresari arabarraren historia pantaila handira darama lanak. Taberna del Alabardero proiektua martxan jarri zuen, baliabiderik gabeko gazteei aukera berriak emateko; eta, urteen ondoren, ostalaritza eta hezkuntza talde baten buru izatera iritsi zen. PRIMERAN plataforman ikusgai dago lana

Andoni Aldekoa, Ramiro González eta Luis de Lezamarekin batera. Argazkia: Arabako Foru ALdundia.

Astearte honetan, urriak 10, Luis de Lezama. Un cura y una taberna dokumentalaren aurkezpena izan da Gasteizko Artium museoaren auditorioan. Iruaritz Lezama Fundazioak antolatutako ekitaldian, Luis de Lezama Barañano Arabako apaiz eta enpresariaren inguruko ikus-entzunezko lanaren aurrestreinaldia egin da.

Arabako Foru Aldundiaren, EITBren eta Grupo Lezama taldearen babesa du zintak, eta ekitaldian izan dira Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia eta Luis de Lezama bera ere.

Artium museoan egindako aurkezpenaren irudia (Argazkia: Arabako Foru Aldundia)

Hain zuzen ere, apaiz arabarraren historia darama lanak pantaila handira: baliabiderik gabeko gazteei aukera berriak emateko helburuarekin, Taberna del Alabardero proiektua jarri zuen martxan. Hainbat urteren ondoren, ostalaritza eta hezkuntza talde baten buru izatera iritsi zen. Mikel Urretabizkaiak zuzendu du dokumentala, kazetaritzan doktorea EHUn. Rey de España kazetaritzaren nazioarteko saria irabazi zuen Urretabizkaiak 2009an, eta, berriki, Eusko Label saria ere Donostia Zinemaldian. El secreto de Urdaneta eta Gazta (Queso) lanak ekoiztu zituen lantaldea aritu da Luis de Lezama. Un cura y una taberna film honetan ere.

Ikasketak amaitu ondorengo lehen urteetan Madrilgo Entrevías auzoan bizi izan zen Luis de Lezama, garai hartan hiriko auzorik txiroenetako batean. Ondoren, Taberna del Alabardero proiektua jarri zuen martxan, Palacio de Orientetik gertu. Tokiaren ingurukoak ahoz aho zabaldu ziren, eta oposizio frankistaren konspiraziogune ere bihurtu zen lekua. Urte gutxiren buruan, proeiktua hazten joan zen, eta hango hainbat gaztek ere aurrera egitea lortu zuten, zerbitzari, sukaldari eta enpresari gisa. Lehen taberna horren ondoren, beste batzuk ireki zituen Marbellan, Sevillan eta Washingtonen, Etxe Zuritik gertu azken hori. Eskolak ere jarri zituen martxan, horien artean Sevillako Ostalaritza Eskola (bertatik irten da Michelin izarra jaso duen sukaldariren bat ere). 2007an, 70 urte zituela, Luis de Lezamak ikastetxe bat eta parrokia bat sortu zituen Montecarmelon.

Solasaldiak, Iruaritzen

Hezkuntza eta ostalaritza proiektuen bultzatzaile gisa egindako ibilbide luzea errepasatzeaz gain, dokumentalak Iruaritzeko Elkarrizketak (Diálogos de Iruaritz) izeneko solasaldiei ere heltzen die. Topaketa hori Lezamako San Prudentzio ermitan egiten da urtero, Araban, eta munduko arazoen inguruan hitz egin eta irtenbideak proposatzen saiatzen diren pertsona ezagunak biltzen dituzte bertan. Think tank bihurtuta, politikagintzako, ekonomiako eta kulturako hainbat pertsona ezagun igaro dira bertatik.

 PRIMERAN plataforman ikusgai dago jada Luis de Lezama. Apaiz bat eta taberna bat dokumentala, euskaraz.