Itxi

Streaming plataforma

'El vasco' filmaren estreinaldia, PRIMERAN plataforman

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jabi Elortegik zuzenduta, Joseba Usabiaga dugu bertan protagonista. Mikelen istorioa kontatzen du, urruneko senitarteko baten gonbidapena onartu eta Argentinako herri galdu batera bizitzera joatea erabakiko duen 35 urteko gaztearena.

"El vasco"

Ostiral honetan, urriak 13, El vasco(2022) filma estreinatuko du PRIMERAN euskarazko streaming plataformak. Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendutako komedia bat da, eta Joseba Usabiaga, Eduardo Blanco, Itziar Aizpuru, Inés Efrón eta Laura Oliva ditugu bertan protagonistak. Bermeon eta Argentinan filmatuta dago.

Euskadin bizitzeaz aspertuta dago Mikel 35 urteko gaztea. Langabezian eta neska-lagunak abandonatu berritan, urruneko osaba baten gonbidapena onartuko du. Internet bidez bakarrik ezagutzen du senitartekoa, baina Argentinako herri galdu batera joatea erabakiko du. Mikelek ezin du imajinatu ere egin zer aurkituko duen: arbasoen lurra inoiz zapaldu ez duten argentinarrak bizi diren Euskadi txiki bat. Bizimodua Euskal Etxearen inguruan egiten dute. Gainera, Mikel konturatuko da osaba ameslari hutsa dela, eta izeba amonak egoera begetatibotik esnatuta anaiarekin nahasten duela, Mikelen aitonarekin, alegia. Une horretatik aurrera, Mikel harrapatuta biziko da fikziozko Euskadi batean, Argentinaren erdian.

Euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berria

Mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria da PRIMERAN. Mundu zabalean euskara eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu nahi dituen doako plataforma. Hain zuzen ere, filosofia horrekin jaio da PRIMERAN: euskal edukiak bermatu, hedatu eta denentzat eskuragarri jarri.

Joan den irailaren 15ean martxan jarri zenetik, hainbat estreinaldi hartu ditu PRIMERANek: "Itxaso" euskarazko fikzioa, Imanol, azken kontzertua dokumentala eta "Porno Belaunaldia" dokumental saila, euskaraz. Izaro: Limoiari Eztia lana, "EHrasmus" seriea eta Víctor Erice zinemagilearen filmografiaren ingurukoak ere ikusgai daude, besteak beste. Guztira, 3000 atal baino gehiago ikusgai, tartean euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak, baita PRIMERAN plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Doako plataforma da eta nahiko da erregistratzea edukiak ikusteko.

Informazio gehiago (1)