Aliantza
Lagundu iezaguzu CVCEPHOTO lehiaketan EITBk emango duen Publikoaren Saria erabakitzen
EITB Media
Mendian eginiko argazki ikusgarriak "Eguraldia" tartean eta Euskadi Irratiko Instagram eta X kontuetan daude ikusgai. Boza ematen duten pertsonen artean, bereizmen handiko lossless musika erreproduzitzaile eramangarri bat zozkatuko da.
EITBk emango du Publikoaren Saria CVCEPHOTO lehiaketan
"Eguraldia" tartearen zein Euskadi Irratiko Instagram eta X (Twitter) kontuen jarraitzaileek ekimen berezi batean parte hartzeko aukera dute aste honetan: CVCEPHOTO lehiaketan EITBk emango duen Publikoaren Saria erabakitzea. Mendizaletasuna du ardatz Club Vasco de Camping elkarteak antolatutako lehiaketak, eta mundu osoko argazkilari profesionalek zein amateurrek mendian egindako irudi ikusgarriak biltzen ditu.
Mila argazki baino gehiago jaso dituzte aurtengo edizioan, eta 20 finalisten artetik sari nagusiak nortzuek irabazi dituzten maiatzean eman zuen jakitera epaimahaiak. Orain, Publikoaren Sariaren irabazlea erabaki behar dute EITBko ikus-entzule eta jarraitzaileek. Aste honetan, ETBko "Eguraldia" saioan erakutsiko dituzte argazkiok, eta galeria osoa eitb.eus/eguraldia atarian eta Euskadi Irratiko Instagram eta X kontuetan dago ikusgai. Botoa bi sare sozial horietan eman behar da, hain zuzen ere. Boza ematen duten pertsonen artean bereizmen handiko lossless musika erreproduzitzaile eramangarri bat zozkatuko da.
CVCEPHOTO lehiaketako sariak emateko ekitaldia larunbatean (urriak 21) egingo da Donostiako Aquariumen. Bertan, besteak beste, Gorka Etxebeste Euskadi Irratiko zuzendariak hartuko du parte, EITBren izenean.