Aitortza
Programa berritzaileenen artean hautatu dute "La Caza, nada es lo que parece" Cannesko MIPCOM 2023 azokan
EITB MEDIA
Urriaren 16tik 19ra bitartean, nazioarteko telebista-azoka ari dira egiten Cannesen, koprodukzio eta entretenimendu edukien nazioarteko merkaturik handiena. Fresh TV jardunaldia egin dute, momentuko eduki berritzaileenak aztergai, eta EITBko realitya programa berritzaileenen artean hautatu dute.
EITBren "La Caza, nada es lo que parece" realitya programarik berritzaileenen artean hautatu dute egunotan Cannesen (Frantzia) egiten ari den MIPCOM 2023 nazioarteko telebista azokan. Hain zuzen ere, Fresh TV jardunaldia egin da astelehen honetan, eta egungo eduki berritzaileenak aztertu dituzte bertan. Secuoya Studios eta Grupo Proyección ekoiztetxeek sortutako EITBren saio berria programa berritzaileenen artean aukeratu dute.
Joan den irailaren 27an estreinatu zuen EITBk "La Caza, nada es lo que parece", ETB2n. Joko psikologiko berritzailea da, eta abentura-genero klasikoari elementu berritzaile bat gehitu dio programak: ezkutuko identitateen jokoa.
Estreinatu zenetik, publikoarekin bat egitea lortu du programak eta, 157.000 ikus-entzuleko batez besteko audientzia metatua lortu du Euskadin eta eragin eremuan. Nabarmentzekoa da 13 eta 24 urte bitarteko ikus-entzuleen datua, % 16,7ko kuotarekin. Formatu digitalen esparrura ere iritsi da arrakasta. Lehen programak, adibidez, 130.000 ikustaldi baino gehiago lortu ditu orain arte YouTuben.
'La Caza' saioaren irudia
Aurten, EITBk gidatzen du euskal ikus-entzunezko edukien presentzia MIPCOM 2023 azokan. Basque.Audiovisual izenarekin, euskal stand partekatua aukera paregabea ari da eskaintzen euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren kalitatea eta aniztasuna ezagutarazteko, baita mundu osoko profesionalekin harremanak eta aliantzak ezartzeko ere.