Aliantza
EITBren babesa izango du urriaren 19tik 26ra egingo den Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak
EITB Media
Jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideekiko gizarte-konpromisoa sustatzen dituen jaialdiari zabalkundea emateaz gain, Ikasleen Klaketa saria emango du EITBk.
EITBren eta Euskal Herriko zinema jaialdien arteko elkarlan sarera batu da aurten Bilboko "Film Sozialak" Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Aliantza honek helburu bikoitza du: batetik, ikus-entzunezko arloari bultzada ematea; bestetik, jaialdi honek jasangarritasunaren, genero-berdintasunaren, kulturartekotasunaren eta giza-eskubideen alde egiten duen lanari zabalkundea ematea, konpromiso horiek EITBrenak ere badira-eta.
15 urte bete dituen Zinema Ikusezinaren Jaialdiak 904 film jaso ditu, eta, horietatik 64 lan erakutsiko dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 30 udalerritan barrena egingo diren 450dik gora emanalditan. Hainbat proiekzio lanbide-heziketako eta batxilergoko institutuetan egingo dira, eta hain justu, ikastetxe horietako ikasleen sorkuntza lan onenaren saria emango du EITBk: Ikasleen Klaketa garaikurra.
Urriaren 19tik 26ra bitartean aurkeztuko diren ikus-entzunezko lanek munduko 54 herrialderen errealitate soziala erakutsiko dute. Horietako batzuk EITBko hedabideen arreta bereganatuko dute. Halaber, hilaren 26ko itxiera gala zuzenean emango da eitb.eus-en, streaming bidez.