#EKIN
Hirugarren urtez, #EKIN_klima kanpaina jarri du abian EITBk
EITB MEDIA
Urriaren 24an ospatuko den Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara, herritarrak larrialdi klimatikoaren ondorio eta arriskuez kontzientziatzea du helburu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Klima aldaketaren erronkari aurre egitea helburu duen #EKIN_klima kontzientziazio kanpaina jarri du abian EITBk hirugarren urtez. Guztioi eragiten digun kausa sozial honi ekarpen berezia egingo dio EITB ikus-entzunezko taldeak Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren ingurumarian. Herritarrek larrialdi klimatikoaren ondorio eta arriskuez kontzientzia hartzea da kanpainaren helburua.
Hala, aste osoan zehar, eduki bereziak landuko dituzte Euskal Telebistako "Eguraldia" saioan. Besteak beste, klima aldaketaren azken informazioa landuko duen BC3 (Basque Centre for Climate Change)ren mahai ingurua jorratuko dute, eta URA agentziako aditu baten erreportajea ere eskainiko dute. BBKrekin gaiaren inguruan EITBk duen aliantzaren emaitza gisa, gainera, hainbat bideo izango dira. Gomendioak eta proposamenak emango dira bertan. Klimarekin erlazionatutako dokumentalak ere emitituko dira aste honetan zehar Euskal Telebistan, eta telebistako zein irratietako saio eta albistegiek larrialdi klimatikoaren gaia jorratuko dute. eitb.eus/klima webgunean jasoko da informazio guztia.
Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, #EKIN_klima kanpaina honen edukiak eskainiko ditu EITBren Bilboko egoitzako kanpoaldeko pantailak urriaren 24an.
#EKIN_klima