Itxi

Jarraipen berezia

EITBk arreta berezia eskainiko dio Iruñeko San Saturnino Egunari asteazken honetan

EITB Media

Leer en Castellano

Santuaren omenezko prozesioa, Duguna dantza taldearen ikuskizuna, buruhandi eta erraldoien urteko azken kalejira, faroltxoekin estreinakoz antolatutako ekimena, gabonetako argien pizketa… Ekitaldi horietako batzuk jorratuko dituzte EITBko saio eta irratietan.

San Saturnino zaindariaren omenezko prozesioa. Argazkia: Iruñeko Udala

Iruindarrek egun handia dute azaroaren 29a, San Saturnino zaindariaren eguna. Egitarau betea izango da nafar hiriburuan goizetik gauera arte, eta horien berri emango dute EITBko albistegietan eta programetan. Zuzenean egongo dira Iruñean jai giroa islatu eta kontatzeko. Hala, Euskadi Irratiko "Faktoria" magazinean eta Radio Euskadiko "Boulevard"en 75 urte bete dituen Duguna dantza taldearekin izango dira. Urtero emanaldia eskaintzen dute zaindariaren egunean eta aurten, lehengo eta egungo dantzariak batuta, katea osatuko dute udaletxetik Gaztelu plazara arte. Horrez gainera, Radio Euskadin San Saturninoren omenezko prozesioaren giroa jasoko dute, eta Euskadi Irratian, arratsalderako faroltxoekin antolatutako ekimenaz mintzatuko dira. Iruñean estreinakoz egingo da ekitaldia eta Baionan, berriz, azken aldiz. Bi hiriak senidetuta daude eta euren arteko loturaz arituko dira. 

Arratsaldean, "Quédate Con Ane" ETB2ko magazinak zuzeneko konexioak egingo ditu Iruñean bizi den giroa jasotzeko. Halaber, buruhandi eta erraldoien aurtengo azken kalejiraren inguruko erreportajea eskainiko dute. Izan ere, konpartsak atseden hartuko du datorren urteko sanferminak arte. 

Bestalde, ostiraletan Nafarroarako deskonexioan emititzen den "Navarra Hoy" saioaren zatirik handiena San Saturnino egunari eskainiko diote aste honetan. Duguna taldearen urtemuga, faroltxoen ekitaldia, buruhandi eta erraldoien kalejira, Gabonetako argien pizketa eta gastronomia kontuak izango dituzte hizpide, besteak beste.