Orain Berriak
WhatsApp Orain jaio da, EITBren euskarazko ikus-entzunezko albiste zerbitzu berria
EITB MEDIA
Berehalakoa izango da, egiazkoa eta selektiboa, eta lehentasuna emango die gizartean eragin handiena duten albisteei. Bideo eta irudi formatuko edukiak gailenduko dira bertan, eta Orain Berriak marka digitalaren barruan dago.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehen honetan, abenduak 4, jarri da abian euskarazko WhatsApp Orain albiste zerbitzu berria, EITBko albistegiek sustatuta. EITB ikus-entzunezko edukien kontsumo digitalera egokitzeak eta albisteen kontsumo mota aldatzeak ekarri du zerbitzu berriaren jaiotza. Berehalakoa da, egiazkoa eta selektiboa, eta lehentasuna ematen die gizartean eragin handiena duten albisteei. WhatsApp bidezko zerbitzu publikoko informazio-sistema berri hori Orain Berriak marka digitalaren barruan dago.
Gaur bertan egin da zerbitzu berriaren aurkezpen ofiziala Bilboko Termibusen. Bertan izan dira Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegi zuzendaria, Oihane Mateos Digitaleko Albistegi burua eta Iban Garate Orain Berriak marka digitaleko kazetaria.
Bideo formatuko edukiak gailentzen diren WhatsApp Orain zerbitzuak ez du albistegien ohiko estiloa izango: zuzenagoa eta kontsumitzeko erraza izango da, eta euskarri mugikorrei lotuta egongo da. Norberak aukeratzen duen informazio mota jasoko du irudiekin, bideoekin eta modu errazean. Target-a bereziki zuzenduta dago informazioa azkar eta modu praktikoan kontsumitzen duen 30 urtetik beherako publikoari.
Arantza Ruiz, Oihane Mateos eta Iban Garate.
QR kodea
WhatsApp Oraineko albisteetara harpidetzeko, QR kode bat erabiliko da batez ere. Zerbitzua abian jartzea hainbat formatu eta euskarritako sustapen- eta komunikazio-kanpaina zabal baten barruan sartzen da.
WhatsApp Orain: QR-a