Itxi

EITB 2030 Estrategia

EITBk 2.400 metro karratutik gorako egoitza berria izango du Gasteiz hiriaren erdialdean

EITB Media

Leer en Castellano

Gasteizko Udalak eta EITBk akordioa sinatu dute EITBren instalazioak modernizatzeko, eta espazioak eta azpiegiturak globalizazioaren eta digitalizazioaren premia berrietara egokitzeko.

EITBren Gasteizko egoitza berriaren argazki-muntaia

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Andoni Aldeko EITBko zuzendari nagusiak akordioa sinatu dute, EITBk Gasteizen duen egoitza berria handitu eta modernizatzeko, ikus-entzunezko merkatuaren egungo erronkei aurre egin ahal izateko. 

Maider Etxebarria eta Andoni Aldekoa sinadura ekitaldian

2.400 metro karratu baino gehiago, bi lokaletan banatuta eta hiriaren bihotzean, EITBri digitalizazioaren behar berrietara egokitzeko aukera emango dio espazio berriak. Halaber, informaziotik eta Arabako herritarren egunerokotasunetik gertuago egoteko aukera  izango du EITBk. 

EITB Taldeak 2.700.000 euro inguru inbertituko ditu Arabako hiriburuko egoitza berria erosteko, eta, horri esker, Radio Vitoriaren egungo instalazioak eta EITBren gainerako azpiegiturak nabarmen hobetuko dira. Egoitza berria Iradier Arenaren ondoan egongo da, zehazki Errenazimentu plazan. 

EITBk Gasteizen dituen instalazioak eta kokapena hobetzeko egin duen apustuak helburu bat du: digitalizazioaren eta globalizazioaren esparru berrian, Euskadiko erreferentziazko ikus-entzunezko talde gisa posizionatzeko aukera emango dioten estrategian tresna berriak  izatea, alegia. 

Egoitza berriak ikus-entzunezko sektorearekin lankidetzan aritzeko gune bat ere izango du, euskal ikus-entzunezkoen ekoizpena indartzeko helburuak lortzeko: produkzio-etxeak, zerbitzu teknikoak, askotariko profesionalak, eta abar. Era berean, EITBren instalazioak egokitzea ahalbidetuko du, karbono-aztarna murrizteko eta jasangarritasun energetikoan laguntzeko. Berebat, asmoa da EITB eragile bihurtzea, Iradier Arena kultura- eta aisialdi-gune gisa katalizatzeko eta indartzeko. 

EITBk egoitza berrirako eskuratu dituen espazioen hirigintza-baldintzak eta erabilera posibleak kontuan hartuta, datozen hilabeteetan Gasteizko Udalak Barne Erreformako Plan Bereziaren (BEPB) aldaketa bat izapidetuko du, 2025. urtearen amaieran EITBren egoitza berria martxan jar dadin.