Audientziak
ETBren kanpaien emanaldiak gora egin du % 20,9ko audientziarekin
EITB Media
Gasteiztik egindako kanpaien emanaldiak % 20,9eko audientzia zatia eta 354.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du, iaz baino bost puntu gehiago. Gainera, euskaldunen artean lider izan da % 28ko audientziarekin.
Txurru, Ane Ibarzabal, Africa Baeta, Julen Telleria, Miren Nogales eta Nerea Reparaz
ETBk Urte Zaharretarako eta Urte Berrirako prestatutako emanaldi berezi eta saioek ikus-entzuleen babes zabala izan dute. Hasteko, Gasteizen ETBk prestatutako Gabon Zaharreko kanpaien jai handiarekin orotara, ETB1en eta ETB2n % 20,9ko audientzia zatia eta 355.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu zuten; iaz baino bost puntu gehiago lortu zituen, hain zuzen ere. Euskaldunen artean, gainera, kanpaien emanaldia lider izan zen % 28ko audientziarekin. Jende andana batu da berriro ere Gasteizko Plaza Berrira EITBrekin urtea agurtu eta ongi-etorria zuzenean emateko antolatzen duen festara.
EITBren emanaldiko irudia
Orobat, ETB1eko eta ETB2ko saio bereziek ere emaitza oso onak eskuratu zituzten. ETB2n, nabarmena, Urte Berri egunean emandako "Eres tú. De Mocedades al Consorcio" saioak izandako harrera ona: % 15eko kuota eta liderra bere ordu tartean; 272.000 lagunek egin zuten bat uneren batean saio bereziarekin. Ondoren eskaini zen El Consorcioren kontzertua ere audientzia buru izan zen eta 258.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen.
Bestalde, abenduaren 31ko programazioan ETB2n aipatzekoak dira honako saioek izan zuten audientzia: arratsaldean emandako "Mcdonald & Dodds" serieak % 14,5eko sharea eskuratu zuen eta 224.000 ikus-entzuleko audientzia metatua; liderra izan zen bere ordu tartean. Kanpaien ondoren ikusgai izan zen "Fair Saturday. Ura bere bidean" ikuskizunarekin, halaber, 327.000 ikus-entzulek egin zuten bat emanaldian zehar. "Ene!flix"en umoreak % 10eko audientzia eta 160.00 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen kanpaien aurretik.
ETB1en, berriz, kanpaien ondoren "Biba 2024!" % 7,1eko audientzia izan zuen, eta euskaldunen artean % 14ra iritsi zen. Uneren batean 177.000 lagunek jarraitu zuten "Biba Zuek"eko lantaldeak prestatu zuen musika ikuskizun handia. Jarraian eskaini zen "Oholtzan" saioko Puro Relajoren ikuskizunak, berriz, % 8,2ko audientzia izan zuen eta 146.000 ikus entzuleko audientzia metatua.
Azkenik, Lehendakariaren Urte Zaharreko mezua ikus-entzuleen % 1,2k ikusi zuen ETB1en eta % 15,9k ETB2n. ETB2n, berebat, liderra izan zen Lehendakariaren mezua bere ordutegian.