Itxi

Saria

Agifes elkartearen 2023ko Kazetaritza eta Buru Osasun saria, EITBko Albistegientzat

EITB Media

Nabarmendu duten Maider Beistegi kazetariaren erreportajeak gazteengan jartzen du fokua. Pandemiaren ostean buru osasun arazoak dituzten kasuen gorakada dela-eta, elkartean astero egiten dituzten talde terapiak hartzen ditu ardatz, hain zuzen ere.

Maider Beistegi, Agifeseko ordezkarian eskutik jasotako sariarekin

Hirugarren urtez jarraian, EITBren kazetaritza lan batek Agifes buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartearen saria irabazi du. Aurten, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiko kazetari Maider Beistegik egindako erreportajea nabarmendu dute: buruko gaitza duten zenbait gazterekin elkartearen egoitzan astero egiten duten terapia saioan egon zen EITBko lantaldea, hain zuzen ere. Bertan, banakako saioez gain, talde terapiek duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuten. 

Sari hauen bitartez, komunikabideek (prentsa idatzia, irratia eta ikus-entzunezko alorra) osasun mentalari emandako espazioa eskertzen du Agifes elkarteak urtero, baita kolektiboaren inguruan arduraz eta sentsibilitatez informatzea ere. Aurten saritutako EITBren lanari dagokionez, goraipatu dute gazteei ahotsa eman izana, buru osasuneko arazoak naturaltasunez ikusten laguntzen baitu.  

2022an ETB2ko "Necesito Ayuda" eta EITBPodkast atariko "Korapiloak" podcasta saritu zituzten, eta 2021ean Radio Euskadiko "Ganbara de cerca" saioan Iratxe Celisek egindako erreportajea. Bestalde, 2019an Ainhoa Etxebestek Euskadi Irratiko "Mezularia" saioan egindako elkarrizketa bat eta Klaudio Landak ETBko hainbat saiotan gizarte gaiei eta bereziki buru osasunari eskainitako arreta nabarmendu zituzten. Aipatu beharra dago, halaber, Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioak (2016 eta 2014) eta ETB2ko arratsaldeko "Ahora" (2016) eta "Sin Ir Más Lejos" (2014) magazinek ere eskuratu dutela Agifesen saria.

2023ko gainerako saridunak

Irratiaren atalean Eduardo Yañez Onda Ceroko esatari eta "Mas de Uno Gipuzkoa" irratsaioko gidaria nabarmendu dute, eta prentsa idatzian, berriz, Patricia Rodríguez El Diario Vasco egunkariko kazetaria.

Informazio gehiago (1)