Itxi

EITB, Albiste Zerbitzuak

EITB lehen aldiz eta esklusiban sartuko da Rafahko korridorera, 'Gaza erasopean' albistegi berezian

EITB Media

Leer en Castellano

Gazako Zerrendako lurreko sarrera bakarra da Rafahko korridorea. 'Gaza erasopean' albistegi berezia asteazken honetan emitituko da, zuzenean, Jerusalemetik, Palestinako biztanleriak bizi duen gerra-egoerari eta krisi humanitarioari buruz informatzeko.

Asteazkeneko albistegiak Jerusalemetik egingo ditu EITBk asteazkenean

Gazako gerrak ez du etenik, eta erasoak hasi eta lau hilabete bete behar diren egunean, EITBk Jerusalemetik egingo ditu "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak. Hala, otsailaren 7ko Gaza erasopean albistegi bereziak gatazkaren azken gakoak ekarriko dizkigu zuzen-zuzenean. Hilabeteotan luzatu den gerraren kronika egingo dute lekuan bertatik Xabier Usabiagak eta Africa Baetak, Mikel Ayestaran EITBk Ekialde Ertainean duen korrespontsalarekin batera. 

Krisi humanitario larria eragiten ari den gatazkaren azken gakoak aztertzeaz gain, Gazako Zerrendan gertatzen ari den guztiaren berri emango du Ane Irazabal EITBren nazioarteko berriemaileak. EITBko albiste zerbitzuek mugarri historikoa lortu dute, Egiptoko gobernuaren onespena lortu baitute Rafahko korridoretik grabatzeko, Gazako Zerrendako lurreko sarrera bakarra. Aurrekaririk gabeko baimen hori dela medio, Palestinako biztanleriak bizi duen gerra-egoerari eta krisi humanitarioari buruz informatuko digu Ane Irazabalek. 

Bestalde, Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko buruak Zisjordaniarako bidea hartuko du, gatazka lehen pertsonan pairatzen dutenen testigantzak jasotzeko, eremu hartako errealitate konplexuari begirada osoa eskainiz. Reparazek Hamaseko milizianoak elkarrizketatuko ditu; dagoeneko aske diren bahituen bizipenak bilduko ditu; eta, Amnesty International bezalako nazioarteko erakundeen lana ezagutuko du. 

ETB1eko eta ETB2ko albistegi bereziaz gain, EITBko gainontzeko hedabideek ere -Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus- jasoko dute Gazako gatazkaren inguruko informazio guztia. EITBko albistegietako taldeek jarraipen informatibo osoa egingo dute beraz, analisi sakonak eskainiz, adituei eta korrespontsalei elkarrizketak eginez, eta Jerusalemdik eta Zisjordaniatik erreportaje bereziak eskainiz.