EITBPodkast
Zientzia-fikzioa eta thrillerra uztatzen dituen "Holobiontea" soinu fikzio berria dakar EITBPodkastek
EITB MEDIA
Nagore Aranburu, Iban Garate eta Asier Hormaza ditu protagonista, eta otsailaren 26an estreinatuko da. "Artxipelagoa"ren arrakastaren ondotik, ULU Mediak ekoitzi du sei ataletako lana.
EITBPodkast plataforman "Artxipelagoa" soinu fikzio arrakastatsuari segida emango dion lan berria da "Holobiontea". Zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen ditu, eta otsailaren 26an estreinatuko da podcast formatuan ekoitzitako soinu-fikzio saila. ULU Mediak egin du sei ataletan banatutako lanaren ekoizpena EITBPodkasterako, "Artxipelagoa" arrakastatsuaren kasuan bezala.
Donostiako Zurriolako hondartzan hilda agertu den eta izenik ez duen espezie arraro bateko izakia du lanak ardatz. Surflari batek topatu du itsasertzean, eta munduko komunitate zientifikoaren arreta piztu du aurkikuntzak, Matthew Mendoza euskal jatorriko ikerlari estatubatuarra ere Euskal Herrira erakartzera arte. Idurre Aldazabal UPV/EHUko biologia irakaslea deitu du Eusko Jaurlaritzak ikertzaile taldearen buru izan dadin. Segituan ohartuko dira, ordea, ez dela izakia sarean erori dena, beraiek baizik. Ez dago espezieen katalogoan sailkatua, baina harraparia da.
Oier Aranzabal izan da "Holobiontea" lantaldearen zuzendaria, eta Xabier eta Martin Etxeberria anaiek egin dute gidoia. Soinu banda, berriz, Maite Larburuk ekoizpenerako espresuki sortua da. Alain Urrutiak egin ditu irudiak eta Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak. Protagonistak, berriz, Nagore Aranburu, Iban Garate eta Asier Hormaza dira; eta Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta BIEUSE aktoreen elkarteko kideak ere bertan ditugu. Grabaketak Lasarteko ULU Studion egin dituzte Jon Gartziak eta Alai Ormazabalek.
Asteazken honetan egin da lan berri honen entzunaldi berezia Donostiako Aquariumean, eta euskal soinu fikzioari oinarri sendoak jartzen ari garela azpimarratu du bertan Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital zuzendariak. Helburua «soinu, fikzioa indartzea» dela berretsi du. «Euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaini nahi ditugu, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak; eta "Holobiontea" eredu bikaina da», erantsi du.
Aurkezpena eta lehen atalaren entzunaldia egin da Donostiako Aquariumean.
¿¿'Holobiontea', zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen dituen soinu fikzioaren aurkezpena egin dute.
— EITB (@EITBofiziala) February 21, 2024
"Zurriolako hondartzan izaki bat agertu da hilda. Izenik ez duen espezie arraro bateko izakia surflari batek topatu du itsasertzean..."@eitbpodkast @ulumedia pic.twitter.com/4ahuc5ZpxD