Gardentasuna
EITBk lehen aldiz aztertu du herritarrentzat duen balioa eta gizartean sortzen duen inpaktua
EITB Media
Euskal herritarrek iritzi positiboa dute EITBk ematen dien balioaz, South 180 enpresa suitzarrak egin duen azterlanaren arabera. Gardentasun ekimen aitzindari honen helburua da herritarren aurrean kontuak ematea eta gizarte hobeago bat eraikitzeko lan-ildoak finkatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EITB 2030 Estrategia dokumentuan jasotzen denez, Euskadiren eraldaketa sozialerako gizarte-erakunde garrantzitsua eta erreferentziazkoa izaten jarraitu nahi du EITBk. Konpromiso hori bete eta etorkizuneko aldaketei aurrea hartzeko, herritarrentzat duen balioa eta gizartean sortzen duen eragina neurtu ditu. Ekimen aitzindaria da, Estatu mailan halako azterlan bat egin eta argitara eman duen lehenengo hedabide publikoa baita.
Bere balioa eta inpaktua aztertzen dituen txostenaren bitartez, herritarren aurrean kontuak emango ditu EITBk, eta gizartearen eskaerei zein beharrei erantzuteko lehentasunak eta lan-ildoak finkatu. Hartara, zerbitzu publiko izaerarekin bat datozen eremuak hobetuko ditu.
Azterlana South 180 enpresa suitzarrak egin du, nazioarte mailan eskarmentu eta ospe handia duena Europako erakundeekin era honetako ikerketak egiten. Erabilitako tresna nagusia da herritarrei egindako inkesta: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 1600 pertsonari eman die hitza, baita ikus-entzunezkoen sektoreko 50en bat enpresari.
Herritarrek EITBren eskaintzari buruz duten balio-pertzepzioa neurtzeko hiru arlo hauek hartu dira kontuan: gizartea; kultura, kirola eta prestakuntza; ekonomia eta industria. Jasotako datuen arabera, euskal herritarrek iritzi positiboa dute EITBk ematen dien balioaz; halaber, uste dute balio handiagoa ematen zaiola gizarte osoari norbanakoei baino.
EITBk euskara zaintzeko eta garatzeko duen garrantzia da inkesta osoko baloraziorik altuena lortu duen arloa. Halaber, herritarrek uste dute ikus-entzunezko taldeko hedabideek eragina dutela gure hizkuntzaren ikaskuntzan, hobekuntzan eta erabileran, eta laguntzen dutela bere normalizazioan eta prestigioan. Iritzi hori nagusi da, bereziki, gurasoen artean. Haien ustez garrantzitsua da, halaber, EITBk haurren prestakuntzari egiten dion ekarpena, ingurune segurua eta estimulatzailea eskaintzen duten edukien bitartez. Aitzitik, gazteen bizitza ulertzeko egiten duen lana hobetu beharko luke.
Azterlanaren arabera, EITB ate argia da euskal kirolari, bere taldeei eta bere kirolariei sarrera, jarraipena eta babesa emateko. Gainera, kirol eskaintzaren bitartez euskara sustatzen da, emankizun horietan pilatutako audientziaren heren batek ez baitu euskara ulertzen. Emakumeen kirola lehen mailan jartzen egiten den lana ere balioan jarri da.
Bestalde, herritarren ustez EITBk lan handia egiten du kultur arloan: herritarren gehiengoak kultur jardueraren bat egin du taldearen hedabideetan ikusi, entzun edo irakurri duten zerbaitetan oinarrituta; berebat, EITBko irratien bidez deskubritu du euskal egile eta taldeen musika.
Eraldaketa sozialaren arloan baloratuena da EITBk gizarte-aniztasunari egiten dion ekarpena, bereziki lurralde-kohesioari, lurraldea eta bertan bizi den jendea ezagutzen laguntzen baitie. Genero-berdintasunari dagokionez, EITBk eraginkortasunez sustatzen du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, baina gehiago indartu beharko luke gai honen ulermena. Halaber, premiazkoa da balio-pertzepzioa handitzea inmigrazioan, osasun mentalean eta ingurumenean.
Azkenik, euskal ikus-entzunezko profesionalei egindako inkestan bereziki baloratzen dute EITBk ematen duen agerikotasuna eta egonkortasun komertziala. Hala ere, hobetzeko eremuak daude: hala nola berrikuntza, sormena, nazioarteratzea eta sektorearen gaitasun profesionala.