Itxi

Euskarazko soinu-fikzioa

Tabakalerak eta EITBk 'Audiogile berriak' deialdian aukeratutako proiektuak aurkeztu dituzte

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Xabier Paya Ruiz, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoa eta Iñaki Cid Larrea dira lehen edizioan hautatutako sortzaileak. Euskarazko hiru soinu-fikzio proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute, eta Harkaitz Canoren aholkularitza izango dute. Horietatik bat aukeratuko da EITBk ekoitzi eta zabaltzeko.

Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea, Harkaitz Cano, Edurne Ormazabal, Maite Goñi, Xabier Paya Ruiz. Tab.

Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak Audiogile berriak deialdian hautatutako egileak hartuko ditu gaurtik aurrera: Autopsiak, Xabier Paya Ruizena; Enkantea, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoarena; eta Errautsak, Iñaki Cid Larrearena.

Audiogile berriak Tabakalerak eta EITBk bultzatutako ekimena da, eta euskarazko soinu-fikzioa bultzatzea helburu duena. Horretarako, prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta finantza-laguntza eskainiko dizkie aukeratutako sortzaileei gidoiaren garapena lantzeko. Audiogile Berriak deialdiarekin, lehen aldiz, soinu-fikzio proiektuak sustatuko ditu eta programan parte hartuko duten hiru proiektutatik bat ekoizteko aukera izango du EITBri esker.

Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea eta Xabier Paya Ruiz. Argazkia: Tabakalera

Programaren lehen fasea Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian izango da, aurtengo otsailetik maiatzera bitartean. Deialdian hautatutako hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte. Besteak beste, José Antonio Pérez Ledorekin "LA FIRMA DE DIOS" soinu-fikzio ospetsuaren gidoia landuko dute eta podcasterako prestakuntza teknikoa landuko dute EITB eta Ulumediaren ("Holobiontea", "Artxipelagoa", "Barrutik") eskutik.

Ostegun honetan egin da proiektuen aurkezpena, Tabakalera. Bertan izan dira Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea, Maite Goñi, Edurne Ormazabal, Harkaitz Cano eta Xabier Paya Ruiz. Argazkia: Tabakalera

EITBLabek lagundu du ekimen hau EITBn abian jartzen.

Hemen proiektuen inguruko informazioa

Albisteak (1)