Aliantzak
EITB eta TOKIKOM berriro ere elkarlanean, Saretzen proiektuaren laugarren alean
EITB MEDIA
Egun dauzkagun maskoten inguruko datuak aztertuko dituzte oraingoan, eta bereziki txakurrengan jarriko dute arreta: Zenbat daude? Txakur gehiago al dago umeak baino? Nolakoa da txakurren eta gure herri eta hirien arteko harremana? Astearte honetan kaleratuko dira datuok, 06:00etatik aurrera.
Maskotak izango ditu aztergai Saretzen proiektuaren laugarren aleak, datu kazetaritza lantzeko EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean sortutako ekimenak. Bereziki txakurrengan jarriko du arreta, eta EAEko, Nafarroako eta Estatu mailako datuak jorratuko ditu, Europarekin ere alderatuz. Astearte honetan, ekainak 18, kaleratuko dute azterlana 06:00etatik aurrera.
Txakurrak, katuak, txoriak, narrastiak… Zein maskota dugu etxean? Zenbat txakur daude gurean? Zein da batez bestekoa biztanleko? Txakur gehiago al dago umeak baino? Datuak emateaz gain, horien alderaketa egingo dute inguruko herrialdeekin. Gainera, bilatzaile bat dela medio, udalerriz udalerri kontsultatu ahal izango dugu Hego Euskal Herriko herri bakoitzeko txakur kopurua, baita txakur kopurua umeko ere. Azkenik, maskotak zertarako erabiltzen ditugun landuko dute, eta animalia horiei begira eskaintzen diren zerbitzuen azterketa egingo dute.
Datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean
2022an jarri zuten abian EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Lehen argitalpenean, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko zein TOKIKOMeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta. Ondoren, immigrazioa eta banku-sukurtsalak jorratu zituzten; eta, oraingoan, maskoten inguruko datu analisia egin dute.
Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da EITBren eta TOKIKOMen aliantzaren xedea, biztanlegoaren informazio beharrizanak asetzeko. Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere badu helburu.
TOKIKOM euskarazko 78 toki komunikabidek osatutako sarea da. 2012an sortu zen eta, gaur egun, 30 bazkide ditu, orotara 78 komunikabide horiek kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.
EITB hedabideak dituen ikus-entzunezko talde publikoa da Euskadin. Zerbitzu publiko honen helburua da euskal gizartearen eskaerei erantzutea, informazio, dibulgazio eta entretenimenduko ikus-entzunezko eskaintza anitz, erakargarri eta kalitatezkoarekin, euskal kultura eta hizkuntza sustatuz eta egungo ikus-entzunezko ekosisteman euskara normalizatzen, erabiltzen eta hedatzen lagunduz.