Donostiako Aste Nagusia
Donostiako Aste Nagusiari jarraipen berezia, EITBn
Jaien hasierako Artillero ekitaldia eta, gauero, su artifizialak eskainiko dira zuzenean. Gainera, 47. Txistulari Kontzertu Nagusia izango da ikusgai. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere jaien egitaraua gertutik jarraituko dute.
Donostiako Aste Nagusiaren arreta berezia eskainiko diote EITBko hedabideek abuztuaren 10etik 17ra. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Gipuzkoako hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.
Jaien hasierako kanoikada zuzenean emango da ETB2n eta eitb.eus-en Donostiako Udaletxeko terrazatik arratsaldeko 18:15etik aurrera. Aurkezle lanetan, Leire Torre eta EgoitzTxurruka arituko dira; Alex Padillak, berriz, erreportajeak eta elkarrizketak egingo ditu bertan bilduko diren gonbidatu eta protagonistekin.
Gauero, Donostiako 59. Nazioarteko Su Artifizialen lehiaketako erakustaldiak eskainiko dira zuzenean 22:15etik aurrera. Ilaski Serranok eta Klaudio Landak egingo dute kontakizuna, eta hainbat gonbidatu izango dituzte aste osoan zehar.
Bestalde, hilaren 17an, 47. Txistulari Kontzertu Nagusiaz gozatu ahal izango dugu. Donostiako Konstituzio plazan egiten den urteroko hitzordu honetan, Donostiako eta Euskal Herri osotik etorritako txistulariek hartuko dute parte, Aitor Arozenaren zuzendaritzapean. Aurtengo gonbidatuen artean egongo dira, besteak beste, Jaione Olazabal eta Mikel Markez abeslariak, Verdini dantza konpainia, eta Katerin Artola, Aiert Beobide eta Leire Moreno dantzariak.