Kargatzen...
Itxi

EITB, Euskal Zinemarekin

EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial, euskal zinemarekin duen konpromisoa sendotzeko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hilaren 25eko EITB Galan "Itsatsita" fikzioa musikalaren aurrestreinaldia egingo da; eta Belodromoan, "Go!azen 11" denboraldi berriaren aurrestreinaldi handia. EITBren partaidetza duten 12 euskal ekoizpen izango dira aurtengo Donostia Zinemaldian.

EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial

2024an, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial bihurtu da EITB eta presentzia handiagoa izango du. Babesletza hori ostiral honetan, irailak 13, aurkeztu dute prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Tabakaleran egin den ekitaldian. Jauzi garrantzitsua da, batez ere, EITBk euskal zinemaren industriarekin duen konpromisoagatik, sektore, erakunde eta Donostia Zinemaldiaren arteko elkarlanaren bidez bultzatzen eta indartzen ari den euskal zinema, alegia.

EITBren zeregina da zerbitzu publikoaren konpromisoa indartzea, euskal gizartean sortzen diren ekimenen biltzaile gisa duen eginkizuna zainduz; horrela, EITBren eta Zinemaldiaren arteko aliantzak Donostiako Zinemaldiaren funtsezko eginkizuna azpimarratzen du, euskal kulturaren eta haren nazioarteko proiekzioaren kultura eta erreferentzia adierazpen gisa. Izan ere, bai euskal zinema, bai Zinemaldia bera, mundurako gure leihoa dira.

Aurten, EITB Euskal Zinemaren Gala Handia antolatzen eta ekoizten ari da. Irailaren 24an  egingo da gala handi hau, euskal zinema osatzen duten eragile guztiei esker ona adierazteko festa handia: aktoreak, zuzendariak, gidoilariak, kamerak, ekoizleak eta produkzioak... euskal zinema unerik onenetako batean egon dadin bere alea jarri duten profesional guztiak. Victoria Eugenia Antzokiak hartuko du ikuskizun hau, sari banaketarekin. Horien artean, EITBk Egile Berriak saria emango du, orain urtebete euskal talentu berria nabarmendu eta bultzatzeko sortua.

Zinemaldian zehar, beste hitzordu garrantzitsu batzuk ere izango dira, hala nola EITB Gala, baita Victoria Eugenian ere. Hilaren 25ean egingo da, PRIMERAN doako plataforman estreinatuko den "Itsatsita" fikzio musikalaren aurrestreinaldiarekin. Zinemaldiak "Go!azen" fenomenoaren denboraldi berriko lehen aurrestreinaldia ere hartuko du, irailaren 27an, Belodromoan. Sarrerak salgai jarri eta berehala agortu ziren.

Halaber, aurten ere, EITBk hitzordu profesionala antolatu du ikus-entzunezkoen sektorearekin eta industriarekin, irailaren 24an. Betebeharra eta aukera: hizkuntza koofizialetan inbertitzea du izenpean, telebisten eta euskal sektore zinematografikoaren arteko elkarrizketa-gune gisa planteatzen da.

Berebat, EITBk are gehiago indartuko du bere presentzia Zinemaldian eta Donostian, kaleetan; izan ere, Zinemaldia hiri osoan ere biziko da, eta EITBko hedabideak oso presente egongo dira leku guztietan. Set mugikor handi bat izango dute, Alderdi Ederren egongo den plataforma ikusgarri bat. Bertan, irrati eta telebista saioak egingo dira, eta albistegietako plato ere bihurtuko da.

EITB etengabe ari da sektorearekin lankidetzan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, euskara bermatzeko eta sustatzeko, zuzendari berrien lana bultzatzeko, nazioartekotzeko eta emakumeen parte-hartzea bultzatzeko. Elkarlan horren ondorioz, EITBren partaidetza duten 12 euskal ekoizpen izango dira aurtengo Donostia Zinemaldian: fikziozko 3 film luze, 7 dokumental, film labur bat eta bi serie.

Horien artean, New Directors nazioarteko sailak David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak filmaren euskarazko estreinaldia hartuko du, Txani Rodriguezen eleberrian oinarrituta. Perlak sailean, bestalde, Veneziako Mostran estreinatutako Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco filma izango dugu, eta Made in Spain sailean, Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina.

Albisteak (4)