Aliantza
Hedabide publikoek sortzen duten balio sozialari eta inpaktuari buruzko jardunaldia, EITBk eta EHUk antolatuta
EITB Media
Nazioarteko adituek, profesionalek eta akademikoek balio eta gizarte-inpaktu arloko joerei, berrikuntzari eta esperientziei buruz duten ezagutza partekatuko dute ostegunean, EHUren Bizkaia Aretoko Baroja gelan.
EITBk eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak antolatuta, Gizarte inpaktuaren balioa hedabide publikoetan izeneko jardunaldia egingo da ostegun honetan (urriak 3), 09:45etik aurrera, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoko Baroja gelan. Egungo ekosistema globalean, zerbitzu publikoa ematen duten komunikabideen lerrokatzea, estrategiak eta eragin-eremua birplanteatzeko beharraz mintzatuko dira nazioarteko adituak, profesionalak eta akademikoak. Horretarako, balio eta gizarte-inpaktu arloko joerei, berrikuntzari eta esperientziei buruz duten ezagutza partekatuko dute.
EITBren izenean, Isabel Octavio Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak hartuko du parte. Hain zuzen ere, EITB aitzindaria izan da "EITBren balioa eta eragin soziala 2023an" izeneko txostena bultzatzen, ikus-entzunezko zerbitzu publikoen egungo erronkak eta iraunkortasuna azpimarratuz.
Euskal Irrati Telebistak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen lankidetza harremanaren barruan, 2023ko urrian sortutako EITB Komunikazio Gelan egingo den hirugarren jardunaldia da ostegun honetakoa. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleei prestakuntza, ikerketa eta dibulgazio jarduerak eskaintzeko asmoz sortu bazen ere, oraingo jardunaldia publiko orori irekia izango da, tartean ikus-entzunezko sektoreko profesionalei.
Gizarte inpaktuaren balioa hedabide publikoetan jardunaldiari buruzko xehetasun gehiago, EHUren web orrian.