Itxi

EITB 2030 Estrategia

EITBk euskal ikus-entzunezko edukien nazioarteko proiekzioaren aldeko apustua sendotu du MIPCOM 2024an

EITB Media

Basque.Audiovisual bilgunearen bidez, aukera eman nahi die euskal produkzio-etxeei harremanak ezartzeko eta negozio-aukera berriak aztertzeko. Gainera, aurten, www.basqueaudiovisualcannes.eus webgunea garatu du, euskal formatuen ikusgarritasuna handitu eta haiei buruzko informazioa zabaltzeko.

Basque.Audiovisual bilgunea Cannesen

EITBk euskal talentua eta ikus-entzunezko edukiak nazioartean sustatzearen alde egiten jarraitzen du. MIPCOM 2024, ikus-entzunezko edukien munduko azokarik garrantzitsuena, urriaren 21etik 24ra egingo dute Cannesen, eta EITBk Basque.Audiovisual bilgunearen bidez,  euskal produkzio-etxeei aukera eman nahi die harremanak ezartzeko eta negozio-aukera berriak aztertzeko. 

Basque.Audiovisual standa, euskal edukiak eta euskal ekoizleen eskaintza ezagutzeko interesa duten ikus-entzunezko sektoreko profesionalen topagune nagusi bihurtuko da. EITBren ekimena dela medio, euskal enpresek gune pribilegiatu bat izango dute euren proiektuak erakusteko eta mundu osoko erosle, banatzaile eta plataformekin harremanak ezartzeko. 

Ohiko txokoaz gain, aurten, EITBk www.basqueaudiovisualcannes.eus webgunea garatu du; online katalogo honen helburu nagusia da euskal formatuen ikusgarritasuna handitzea eta ekoizpen etxeei eta haien proiektuei buruzko informazioa zabaltzea. Plataforma digital horretan sektoreko profesionalek hainbat elementu topatuko dituzte, tartean, trailerrak eta edukien fitxa teknikoak. Euskal enpresekin harremanetan jartzeko informazioa ere izango dute. 

Osagarri gisa, EITBk "Surfing 360°" errealitate birtualeko esperientzia  eramango du Canneseko Palais des Festivals gunearen inguruetara. Euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenek teknologia berrien esparruan duten ahalmenaren erakusgarri izango da ekimen murgilgarri hori.  Azokako bisitariek begien aurrean betaurreko batzuk jarrita, olatu bat surfeatzeko aukera zirraragarriaz gozatuko dute. 

Euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenak ospe handiko unea bizi du nazioarte mailan; "Itsatsita" formatua, EITBk eta Pausokak batera ekoitzita, The International Format Awards sari ospetsua eskuratu du Multi-Platform kategorian. Irabazleak atzo (urriak 20) iragarri zituzten Cannesen, MIPCOM 2024 azokaren atarian. Aitortza horrek Euskadin sortutako edukien kalitatea eta berrikuntza maila erakusten du, eta EITBk abangoardiako ikus-entzunezko formatuen sorkuntzan erreferente gisa duen posizioa indartzen du.