Itxi

Audiogile Berriak

EITBk eta Tabakalerak Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu dute

EITB

Euskarazko soinu fikzioa sustatzea da ekimenaren helburua. Aurkezpenean Xabi Payaren 'De rigor mortis' lehen edizioko proiektu irabazlearen trailerra izan da entzungai. Bertan, gainera, Rafa Rueda soinu bandaren sortzailea eta Harkaitz Cano lehen edizioko proiektuen tutorea egon dira.

Audiogile Berriak 2025 ekimenaren aurkezpena

Euskarazko soinu fikzioa sustatzea da Tabakalera eta EITBren arteko Audiogile Berriak egitasmoaren helburua. Bigarren deialdia aurkeztu dute astearte honetan (azaroak 26) Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakaleraren zuzendari nagusiak, Tabakaleran bertan. Bi-biek azpimarratu dute estreinako edizioaren arrakasta.

Hain zuzen ere, dagoeneko gauzatu den proiektu irabazlearen trailerra, Xabier Payaren De Rigor Mortis, entzuteko aukera ere izan da aurkezpenean. EITBPodkasten asteartean bertan estreinatu da lau ataleko soinu fikzio berria. Rafa Rueda soinu bandaren sortzailea ere egon da aurkezpenean, baita Harkaitz Cano ere, lehen edizioko proiektugileen tutorea.

Azaroaren 26tik urtarrilaren 10era bitartean izango da zabalik Audiogile Berrien bigarren deialdia. Aurrekoaren ildotik, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, eta gidoi bilakatu. Prozesu horretan nabarmendu behar da edizio honetan Jose A. Perez Lledoren eta Katixa Agirreren laguntza ere izango dutela, banakako tutoretzen bidez.

Horietako bat ekoitzi egingo du EITBk eta zabaldu. 2025eko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri. Aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.

Halaber, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izango dute hiru proiektu finalisten egileek. Horrekin batera, 2.000 euroko dirulaguntza proiektuak garatzeko —Tabakaleraren kontura— eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi izango dira. Azkenik, hautatutako gidoiaren egile edo egileen eta EITBren artean eskubideak lagatzeko nahitaezko kontratua formalizatuko da.

Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari nagusiak, "oso positibotzat" jo du Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezko laborategiak euskarazko soinu-fikzioaren arloan egin duen lehen ekimena: "Deialdiari esker, hautatutako hiru proiektuei lagundu ahal izan zaie sorkuntza- eta ekoizpen-prozesu osoan". Era berean, nabarmendu behar da tutorizazio prozesuaren baitan ondutako gidoien kalitateak ahalbidetu duela EITBk bigarren proiektu bat ekoiztea, Xabi Payaren De Rigor Mortis irabazleaz gain.

Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak "Tabakalerarekin dugun lankidetza sendoa eta euskarazko soinu fikzioan emandako urratsak" azpimarratu ditu. Bide horretatik tinko jarraituko duela erantsi du Goñik eta aurten EITBk zortzi soinu fikzio ekoitzi izana nabarmendu du. Halaber, balioa eman nahi izan dio Audiogile Berrien ekimenak zikloaren prozesu osoa garatzen ikusteko aukera eman duela, "eta, hain zuzen ere, gaurkoan emaitzaren zatia entzun ahal" izana.

Maite Goñi eta Edurne Ormazabal

Jose A. Perez Lledo eta Katixa Agirre, tutore

Josek A. Perez Lledok 20 urte baino gehiago daramatza bere lanaren laburpenak idazten, hirugarren pertsonan. Horrez gain, prentsan eta irratirako idatzi du, eta, batez ere, telebistarako gidoiak, entretenimendurako zein fikziorako. Dibulgaziozko hainbat telebista-formaturen sortzailea da, besteak beste, Orbita Laika. Horrez gain, hiru eleberri argitaratu ditu (Esto no es una historia de amor, Un lugar al que volver eta Cementerio de secretos). Soinu-fikzioen sortzaile gisa, El gran apagon, Guerra 3, La quiebra eta La firma de Dios lanen gidoilaria da. Azken horrek, podcast arloko bi Ondas sari eskuratu zituen: gidoi onenarena eta soinudun fikzio onenarena.

Katixa Agirre euskal idazlea da, ikus-entzunezko komunikazioan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009) ipuin bildumak, eta Paularen seigarren atzamarra, Ez naiz sirena bat, eta zer? eta Patzikuren problemak haurrentzako liburuak argitaratu ditu. Zutabegilea izan da prentsa idatzian. 2015ean argitaratu zuen bere lehen eleberria, Atertu arte itxaron, 111 Akademia saria merezi duen errepide eleberria. 2019an bere azken eleberria Amek ez dute argitaratu du.

Audiogile Berriak egitasmoaren oinarriak eta informazio zabalagoa tabakalera.eus eta eitb.eus-en aurkitu daiteke.

Audiogile Berriak 2025

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)