Itxi

Aliantza

EITBk eta ikus-entzunezko euskal ekoizleen elkarteek hitzarmena eguneratu dute, eta harremana sendotu

EITB

Leer en Castellano

Lankidetza-hitzarmenean ikus-entzunezko produkzio-serieak gehitu dituzte, eta horrek bultzada handia emango dio euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenari.

Iker Ganuza, Andoni Aldekoa eta Maite Ruiz de Austri.

Asteazken honetan, abenduak 18, EITBk eta EPE-IBAIA (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) eta APIKA (Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkartea) ikus-entzunezkoen euskal ekoizleen elkarteek euskal ikus-entzunezko ekoizpen independentea sendotzeko lankidetza-hitzarmena eguneratu dute, EITBren Bilboko egoitzan egin den ekitaldian. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Iker Ganuza EPE-IBAIAren presidenteak eta Maria Teresa Ruiz de Austri APIKAren presidenteak sinatu dute eguneraketa. EITB eta elkarteak bat etorri dira egindako lana azpimarratu eta akordioak euskal ikus-entzunezko ekosistemari ekarri dion egonkortasun-esparrua balioan jartzean.

Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak azpimarratu du euskarazko ekoizpena bultzatu behar dela, "horixe baita hasiera-hasieratik hitzarmenaren funtsa. Euskarazko ekoizpen hori kontsumo berrietara egokitu behar da, euskarri eta plataforma digital guztietan presente egoteko. Hortaz, EITBk parte hartzen duen proiektu guztien euskarazko bertsioaren eskubideak erosiko ditu, euskarri guztietan egon daitezen".

Hitzarmenari gehitu zaion berrikuntza nagusia ikus-entzunezko ekoizpen serieak gehitzea da. Bereziki euskarazko telesailei bultzada emateko urrats garrantzitsua da, fikzioaz gain dokumentalak eta animaziozkoak ere biltzen baititu. Ildo horretan, Iker Ganuza EPE-IBAIAren presidenteak gaineratu du "eduki lehiakorragoak eta kalitate handiagokoak garatzeko aukera" emango duela, "eta eduki horiek hobeto hedatuko eta ustiatu" direla. Ganuzak nabarmendu du, bestalde, "ikus-entzunezkoen sektorean inplikatutako eragile guztiekin etengabe lankidetzan aritzea dela, zalantzarik gabe, etorkizun hurbilean gure sektorea sendotzeko eta iraunarazteko jarraitu beharreko bidea".

APIKAren ordezkariak pozik agertu dira 2022ko hitzarmena sinatzean hartutako konpromisoak biltzen eta berresten dituen sinaduragatik; izan ere, euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenaren eta ikusleek kontsumitzeko dituzten modu berrien alderdi berri batzuk ere gehitzen ditu. Maite Ruiz de Austrik azaldu duenez, "hitzarmen horrek duen garrantzia erakutsi du, batzuetan proiektuak hasteko eta beste batzuetan osatzeko beharrezkoa den finantzaziorako, hortaz, ekoiztetxeak hazi eta etengabe hedatzen ari den ekosistema bizi batean euren lekua topatu dezaten".

Genero-berdintasuna ere akordioaren puntu garrantzitsua da. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen parte-hartzea sustatzeko neurriak hartzen jarraituko dute.

euskal zinema