Gabon zahar gaua
"Biba 2025" ETB1eko saio bereziak musikarik onena ekarriko digu urte berriari ongietorria emateko
eitb media
Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, hainbat talde eta musikari hartuko dituzte, Gabon zahar gaua festa giroan ospatzeko. Süne, Gontzal Mendibil, Maren, Gozategi, Idoia, Korrontzi, Bengo, Puro Relajo… izango ditugu entzungai, kanpaien aurretik (22:45) eta ondoren (00:15).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Musikaz beteriko "Biba 2025" gala erraldoia izango dugu ikusgai ETB1en gaur gauean, Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta. Aurreko urteetan bezala, entretenimenduzko show-musikal bikoitza eskainiko digute: kanpaien aurretik eta ondoren.
Festa handia antolatu dute, eta musika emanaldiak izango dira "Biba 2025" saioaren oinarri nagusia. Hala, gonbidatutako talde eta kantarien zerrenda luzea izango dute bertan: Süne, Gontzal Mendibil, Janus Lester, Xabi Solano eta Kristina Solano, Maren, Idoia, Zilikito Records, Gozategi, Korrontzi, Bengo, Puro Relajo, Sukena eta Albina Stardust, Yogurina Borova, Divina Komedia eta Xarma Leone.
Horrez gain, aurten, nobedade bezala, Oxabi taldea izango dute platoan saioko banda gisa, hainbat abesti jotzeko. Publikoak ere horiek dantzatu eta kantatuko ditu, noski. Aurten puri-purian egon diren doinu eta taldeak, betiko abesti ezagunak, euskal klasikoak… belaunaldi guztiak batzen dituzten kantak, guztion gozamenerako.
20 musika emanaldi baino gehiago izango ditugu entzungai, eta ez dira faltako, noski, alfonbra gorria eta photocall ikusgarria. Hori dena, "Biba Zuek!" programako aurpegi ezagunenen eskutik.
"Biba 2025" berezia, gaur gauean, 22:45ean eta 00:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
'Biba 2025' ETB1eko saio berezia