EITB, anfitrioi
EITBk INPUT 2025 nazioarteko konferentzia hartuko du, komunikabideen sortzaileentzako hitzordu entzutetsua
EITB
Maiatzaren 3tik 7ra izango da, Bilboko egoitzan, eta 300 profesional baino gehiago bilduko dira bertan, mundu osoko kate publikoen bideo-ekoizpen eta hedabide digital onenak aurkezteko. Kongresuan izena emateko epea zabalik dago.
INPUT-EITB
Iaz Charlestonen (Hego Carolina, AEB) izandako parte hartze arrakastatsuaren ondoren, aurten EITBk antolatuko du INPUT 2025 nazioarteko konferentzia entzutetsua, komunikabideen sortzaileentzako urteroko hitzordu garrantzitsua. Hala, maiatzaren 3tik 7ra bitartean, hainbat herrialdetako 300 profesional baino gehiago hartuko ditu EITBk Bilboko egoitzan, mundu osoko kate publikoen bideo eta hedabide digitalen ekoizpenak aurkezteko.
Telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundea da INPUT, eta urtero nazioarteko konferentzia antolatzen du telebista publikoaren mugak eztabaidatzeko eta horiei aurre egiteko. Berez, INPUT ez da ohiko jaialdi bat, ezta merkatu edo lehiaketa bat ere; hartara, ez du inolako interes komertzialik. Izatez, zerbitzu publikoko ekoizpen berrien hausnarketa sakon eta profesionalera bideratzen da.
Hain zuzen ere, joan den maiatzean, Estatu Batuetan egindako konferentzian, "Porno Belaunaldia" EITBko dokuserie arrakastatsua aurkeztu zuen Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. Zerbitzu publikoan egindako lanagatik hautatu zuten lana, eta mundu osoko 23 herrialdetako hedabide publikoetatik iritsitako 78 programa izan ziren bertan, horien artean gure ikus-entzunezko talde publikoa.
Orain, edizio honetako anfitrioi dugu EITB, eta jada zabalik dago Bilbon egingo den hitzorduan parte hartzeko izena ematea, INPUT webgunean.