Itxi

M8

Emakumeen Nazioarteko Egunari babesa eta zabalkundea emango diete EITBko hedabideek

EITB

Leer en Castellano

Martxoaren 8ak ematen duenaren berri emango dute albistegi eta programetan, zuzeneko, elkarrizketa eta eduki berezien bitartez. Gainera, M8rako EITBk sortutako ikus-entzunezko irudia ikusgai egongo da Bilboko egoitzako kanpoko pantailan eta ETBko emisioetan.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, EITBn

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EITB Taldeko hedabideek martxoaren 8rako  deitutako mobilizazio eta aldarrikapenak bertatik bertara jasoko dituzte. Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak, ORAINek eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dituzte Euskal Herrian barrena egingo diren ekimen nagusiak zuzeneko, elkarrizketa eta eduki berezien bitartez, berdintasunaren aldarrikapena jomugan.

Ohi bezala, M8ko mobilizazioei jarraipen zabala egingo diote Euskal Telebistako "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan eta, aurten, gainera, hainbat belaunalditako emakumeekin solasalditxoa egingo dute Jonan Apaolaza eta Xabier Ormazabal aurkezleek. Gainera, ostiral honetan, martxoaren 8aren bezperan, ETB2ko "Navarra Hoy" programak saio berezi bat eskainiko du, emakumeak protagonista dituen erreportaje eta elkarrizketekin. Beren aldarrikapenak, lanbideak, proiektuak eta, azken batean, beren egunerokotasuna izango dute mintzagai, Nafarroarako deskonexioan.

Radio Euskadin ere arreta berezia eskainiko diote Emakumeen Nazioarteko Egunari larunbateko "Más Que Palabras" eta "Crónica de Euskadi" saioetan, arlo eta esparru ezberdinetako emakumeen ahotsak gugana ekarrita. Besteak beste, Esther Erice magistratu eta Indarkeria Matxistaren aurkako Behatokiko presidentea elkarrizketatuko du Aitziber Bilbaok.

Euskadi Irratiko albistegietan, nola ez, gertuko jarraipena egingo zaie eguneko mobilizazio eta manifestazio eta adierazpen publikoei, eta "Amarauna" saioan eduki bereziak eskainiko dituzte. Besteak beste, Zea Maysen "Elektrizitatea" abesteko Laudion elkartutako 120 emakumeengan jarriko dute arreta; eta martxoaren 8aren jatorriari buruzko tartea ere izango dute. Bost emakume wikilariren audio-pilulak izango ditugu entzungai, beraiek aukeratutako beste bost emakumeri buruz.

Radio Vitoriako  "Déjate Llevar" magazinean, Isabel Irigoyenek Stribor Kuric ikerlariarekin hitz egingo du, Emakunderentzat egindako Maskulinitatearen kutxa Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketaren inguruan. Gainera, Gasteizko Egibide ikastetxeko Genero-berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako zikloko lehen promozioko ikasleekin izango dira, eta Arabako zazpi emakume omenduko dituen ekitaldi instituzionalaren berri ere emango dute. "Herrian" saioan, berriz, Arabako kuadrilletako emakumeen bizitza ikusezinak izango dituzte aztergai, Huellas de las mujeres alavesas en la Historia lanaren eskutik.

Azkenik, M8rako EITBk sortutako ikus-entzunezko irudia ikusgai egongo da Bilboko egoitzako kanpoko pantailan, ETBko emisioetan eta sare sozialetan.

Euskal emakume zinemagileak, PRIMERANen

PRIMERANek ere bat egingo du martxoaren 8arekin, eta euskal emakume zinemagileei omenaldia egin nahi die bilduma berezi batekin. Bertan, besteak beste, Helena Taberna, Isabel Herguera, Bego Vicario, Estibaliz Urresola eta Lara Izagirre zuzendarien lanak bildu dituzte.

PRIMERAN

EITBren doako streaming plataformak Arnasa betean (Bertha Gaztelumendi, Rosa Zufía) dokumentala ere dakarkigu, atzoko eta gaurko euskal emakume zinegileen munduan barrena bidaia, hiru urpekari gazteren eskutik.

Martxoaren 8ko aldarrikapenarekin bat egin eta aste honetako estreinaldien artean dugu Norberaren gela (Ainhoa Urgoitia, Enrique Rey) filma, Eulalia de Abaituaren inguruko dokumentala. Lehen euskal emakume argazkilaritzat jotzen dute Eulalia de Abaitua, 1900ean ekin baitzion arte horri, Bilbon.

Informazio gehiago (2)