MAKUSI plataformak urtebete
Datu ikusgarriekin beteko du urteurrena MAKUSIk: 840.000 ordu kontsumitu dituzte haur eta gaztetxoek, euskaraz
EITB
48.000 harpidedun baino gehiago ditu plataformak eta 30.000tik gora kide klubean. Txikiei zuzendutako ekitaldietan ia 40.000 lagunek hartu dute parte lehen 12 hilabete hauetan. Maiatzean, berriz, bi ekoizpen propio estreinatuko ditu: "Mari sorgin ehiztari" fikziozko eta "Ameslarien banda".
MAKUSI
Larunbat honetan, apirilak 26, beteko du lehen urteurrena MAKUSI EITBren haur eta gaztetxoentzako euskarazko streaming plataformak eta unibertso digitalak, eta datu ikusgarriekin ospatu ere: lehen 12 hilabete hauetan 840.000 ordu baino gehiago kontsumitu dituzte gure haur eta gaztetxoek, euskaraz eta ingurune seguru batean.
"Go!azen", "Irabazi Arte", "Dragoi Bola", "Txakur Patruila", "Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak" eta, noski, "Potx eta Lotx" ditugu eduki arrakastatsuenak plataformako harpidedun diren 48.000tik gora erabiltzaileen artean. Horietako asko eta asko, gainera, klubeko kide ere badira. Zehazki, 30.733 kide ditu une honetan MAKUSI klubak, eta kopurua etengabe hazten doa gainera.
Zalantzarik gabe euskarazko doako eduki eta eskaintza onenaren inguruan komunitate sendoa sortu du MAKUSIk, jaio eta denbora gutxian, eta horren adierazgarri da txikienei zuzendutako ekitaldien arrakasta: ia 40.000 pertsonak parte hartu dute aurrestreinaldi, jai eta kaleko hitzorduetan.
Lehen urteurrena behar bezala ospatzeko, festa berezia antolatu du ikastetxeekin. Apirilaren 30ean izango da, 11:00etan, EITBren Bilboko egoitzan. Ez dira faltako Potx eta Lotx pailazoak eta MAKUSI unibertsoko hainbat protagonista. Sorpresaren bat ere iragarri dute.
Apirileko ospakizunen ostean, maiatza ere indartsu dator MAKUSIn, bi ekoizpen propio estreinatuko baititu plataformak: "Mari sorgin ehiztari" fikziozko telesaila, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutakoa; eta "Ameslarien banda", animazio birtualarekin landutako txotxongiloak, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat.
"Mari sorgin ehiztari"
Euskal mitologiarekin lotura izango duen fikziozko telesaila. Institutu bateko gazte batek Mari pertsonaiaren botereak ditu, eta mundua salbatzeko lanetan arituko da, deabru, sorgin, munstro eta bestelako pertsonaiei aurre eginez. Umorea, abenturak eta naturaz gaindiko ahalmenak, 15 minutuko 8 ataletan.
"Ameslarien banda"
Animazio birtualarekin landutako txotxongiloak. Hiru iratxo ditugu pertsonaia nagusi, eta itsasontzi batean ibiliko dira lurraren gainetik, lainoen gainetik, umeen ametsak zaintzen. Periskopio batetik arazo bat antzematen dutenean, alarmak joko du eta hori konpontzea izango dute misio. Abesti batekin bukatuko dute atala. Ideia, sorkuntza eta gidoia Xabi Payarena dira, eta musika zuzendaritza eta abestiak Nerea Urbizuren eskutik datoz. 3-4 minutuko 10 pieza, entretenimendu ludiko-didaktikoa oinarri.
MAKUSI doakoa da eta nahikoa da erregistratzea eduki guztiekin gozatzeko.