Maiatzaren 3tik 7ra
EITBk INPUT nazioarteko konferentzia antolatuko du, komunikabideen sortzaileentzako urteroko hitzordu ospetsua
EITB Media
Igandetik asteazkenera bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian izango diren lan-saioetan, mundu osotik etorritako 300dik gora profesional bilduko dira, kate publikoen bideo eta hedabide digitalen ekoizpenak ezagutzera emateko.
INPUT 2025 Bilbon egingo da, EITBk antolatuta
EITBren eskutik, Bilbon egingo du INPUT telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundeak aurtengo nazioarteko konferentzia, maiatzaren 3tik 7ra bitartean. Nazioarteko hitzordu garrantzitsu horrek telebista publikoaren mugak eztabaidatzea eta horiei aurre egitea du helburu. Hala, mundu osoko 300dik gora profesional bilduko dira Euskalduna Jauregian egingo diren lan-saioetan, kate publikoetako bideo eta hedabide digitalen ekoizpenak aurkeztera.
Larunbatean (maiatzak 3) abiatuko da, harrera ekitaldiarekin. EITBren izenean Unai Iparragirre ETBren zuzendariak emango die ongi-etorria parte-hartzaile guztiei, Judy Tam INPUTen presidentearekin batera. Igande, astelehen, astearte eta asteazkenean izango dira jardunaldiak; goizeko 10:00etan aldi berean hiru lan-saio antolatuko dituzte, eta, arratsaldean, 15:00etan, beste horrenbeste. Orotara, parte hartzen duten telebistetatik 72 formatu edo programarik onenak aukeratu dituzte, eta horiek gaika ikusi eta eztabaidatuko dituzte. Munduko hainbat herrialdetatik etorritako 12 moderatzaileren esku egongo dira lan-saioak.
Jardunaldiez haratago, egitarau betea izango dute INPUT konferentziara datozen profesionalek. Hala, igande arratsaldean EITBren egoitzara bisita antolatu da. Astelehenean, berriz, Input Midweek Party ospatuko da, Bilboko Guggenheim Museoan. Bertan hitza hartuko dute Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Judy Tam INPUTen presidenteak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburuak.
EITBk bi hizlari izango ditu nazioarteko konferentzia horretan: Unai Iparragirre ETBren zuzendariak TV That Matters –How ETB Uses Factual Content to Make a Difference hitzaldia egingo du asteartean, 11:00etatik 12:00etara. Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendaria, berriz, astelehen arratsaldeko saioetako batean arituko da, PRIMERAN plataformako hiru ekoizpeni buruz: "Krimenak" dokumental saila, "Itsatsita Berriz" fikzio musikala eta ETSren kontzertuaren emanaldia.
Zer da INPUT?
Komunikabideen sortzaileentzako galdu ezinezko kongresua da INPUT, zerbitzu publikoko ekoizpen berrien hausnarketa sakon eta profesionalera bideratuta. Iaz Charlestonen (Hego Carolina, AEB) egindako konferentzian, "Porno Belaunaldia" EITBko dokuserie arrakastatsua aurkeztu zuen Unai Iparragirrek. Zerbitzu publikoan egindako lanagatik hautatu zuten lana, eta mundu osoko 23 herrialdetako hedabide publikoetatik iritsitako 78 programa izan ziren bertan; horien artean, gure ikus-entzunezko talde publikoa.